Bereziki ona izan zen abuztuko datua, krisia hasiz geroztik onena. Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak 60 erregulazio espediente jaso zituen, eta 634 langileri eragin zieten. Datu horiekin konparaketa eginez gero, itxura batera txarra izan da iraila, 111 dosier bildu baititu Jaurlaritzak, %85 gehiago. Erregulazioan geratutako langile kopurua ere 826koa izan da, %30 gehiago beraz. Alabaina, 2009tik izandako bigarren emaitzarik onena da. Izan dira ehun dosier baino gutxiago onartutako hilabeteak, baina ez hain langile gutxiri eragin dietenak.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 111 dosier horietatik 59 aldi baterakoak izan dira, 49 lanaldia murriztekoak eta hiru kontratuak iraungitzekoak. Hain zuzen, 47 langile geratu dira kalean espedienteen eraginez. Sektoreka, nekazaritzan eta eraikuntzan mantendu egin da kopurua, jaitsi industrian eta igo zerbitzuetan. Nabarmendu du hamar espedientetatik bederatzik langileen oniritzia izaten dutela.
Enpresek emandako arrazoien artean, eskarien eta ekoizpenaren murrizketa da oraindik nagusi. "Bai bata eta bai bestea kausa ekonomiko eta finantzarioekin estuki lotuta daudenez, kasu askotan zaila izaten da bataren eta bestearen benetako pisua zehaztea", adierazi du Jaurlaritzak. Eskualdeka, Arabako Lautada, Bilbo Handia eta Donostia aldea dira gehien kaltetuak.