Astebete aurreratuko da aurten 2013. urteko errenta aitorpena egiteko kanpaina Araban. Hala, Rentafacil ereduko aitorpenak apirilaren 1etik aurrera aurkeztu ahalko dituzte zergapekoek. Foru Aldundiaren konpromisoa da aitorpenarekin dirua itzuli behar zaien zergapekoei 48 ordutan ordaintzea.
Arabako Ogasun ahaldunak, Aitor Uribesalgok, kanpainaren berri eman du gaur. Kanpaina "azkartzeko eta errazteko" ahalegina egin dutela ziurtatu du. Horretarako 120.000 aitorpen proposamen eginda igorriko dizkiete zergapekoei, iaz baino 10.000 gehiago. Aitorpena aurkeztu behar dutenen %68 dira. Ogasunaren bulegoetan 114 pertsona ariko dira kanpainan lanean.
Ogasuna gaur bertan hasi da aitorpen zirriborroak bidaltzen, eta martxoaren 26tik aurrera zergapekoek aurretiazko hitzordua eskatzeko aukera izango dute zirriborro horiek onartzeko, aldatzeko edo errefusatzeko. Orotara, kanpainan herritarrei 150,7 milioi euro itzuliko zaizkiela kalkulatu dute, batez beste 1.129 euro aitorpen bakoitzeko. Ogasunak, berriz, 48,8 milioi biltzea espero du, 1.345 euro batez beste ordaindu behar dutenen aitorpenetan.
Bestalde, errenta kanpainako eredu tradizionala, Rentaraba izenekoa, apirilaren 22an jarriko da martxan. Gasteizen Samaniego kalean ogasunak duen egoitzan aitorpena egin nahi dutenek hitzordua eskatu beharko dute apirilaren 10etik ekainaren 9ra. Eskaera 901 50 40 30 telefonoan edo www.alava.net web orrian egin daiteke, eta baita ere ogasunaren bulego ezberdinetan edo Kanpezu, Murgia, Agurain eta Oiongo udaletan.