«Sistema publikoa ez dago arriskuan, superabita du. Sistema pribatuak, ordea, ez dira nahi adinako negozioa egiten ari. Berriro ere banka salbatu nahi dute gure diruz». Hala dio euskal gehiengo sindikalak greba orokorrera deitzeko ateratako adierazpenak. Sistema publikoaren bideragarritasunari buruzko iritziak asko izan dira azken hilabeteotan.Arriskuan dagoela eta, Espainiako Gobernua datorren astean da onartzekoa pentsioen erreforma. Testuinguru horretan, atzo jakinarazi zituzten Gizarte Segurantzaren egoerari buruzko datuak. Superabita izan zuen 2010ean ere, alabaina, aurreko urtean baino %72 txikiagoa.
Pentsioen itsulapikoak eragin zuen balantza positiboa. Aurreko urteetako soberakinak funts batean sartzen dira, egoera okertuz gero, prestazioak bermatu ahal izateko. 2000. urtean sortu zen funtsa eta 65.000 milioi euro inguru ditu dagoeneko —otsailean egin zuen azken ekarpena Gobernuak, 1.740 milioikoa, 2008ko superabitagatik—.Bada, 2.660 milioi eman ditu interesetan, urte hasieran uste baino600 milioi gehiago. Haren faltan, 278 milioi euroko defizita izango zuen Gizarte Segurantzak iaz.
Hain zuzen,122.484 milioi eurokoak izan dira estatuaren diru sarrerak, 2009an baino %0,97 txikiagoak. Gastuak, berriz, 120.101 milioikoak, %4,55 handiagoak. Inflazioaren aurreikuspenetan oker ibili ziren. %0,8 garestituko zela bizimodua uste zuten, azkenean, ordea, %1,3koa izan zen igoera. Pentsioetan horrek eragindako galera zuzendu behar izan du Gizarte Segurantzak urte amaieran, eta 400 milioiko gastua ekarri du. Horrez gain, langabeziaren eraginez, kotizazioetatik ere diru gutxiago lortu da.
Sarreren eta gastuen arteko ezberdintasuna, beraz, 2.382 milioi eurokoa izan da. Diru hori ere funtsera sartuko al duten galdetu diote Octavio Granado Gizarte Segurantzako Estatu idazkariari. Azken bi urteetan,operazio hori atzeratu egin dela gogoratu du, diru hori enpresei laguntzeko erabili delako. Ordainketak atzeratzeko aukera ematen diete, lantegiak itxi ez ditzaten. Gaur egun, 8.000 milioi euroko balioa dute atzeratutako ordainketek.
Erreserben funtsari esker izan du superabita Gizarte Segurantzak
Diru sarrerak eta gastuak kontuan hartuta, 2.382 milioiko soberakina eduki du, iaz baino %72 txikiagoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu