Erreskateak sua bizitu du

Irlandak laguntza eskatzeak urduritasuna eragin du, eta merkatuek handitu egin dute Portugalen eta Espainiaren kontrako presioa. Espainiaren arrisku saria 236 punturaino iritsi da, historiako kopururik handiena

jakes goikoetxea
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Irlandak erreskate plana eskatzeak, egoera lasaitu baino gehiago, okertu egin du, bai merkatuetan, bai Irlandako politikan. Sua baretu beharrean, bizkortu egin du. Erreskatearen helburu nagusia, Irlandari laguntzeaz gain, suebaki bat jartzea zen, arazoa beste herrialde batzuetara ez kutsatzeko. Oraingoz ez du funtzionatu, eta Portugalekiko eta Espainiarekiko mesfidantza handitzen ari da merkatuetan. Mesfidantza hori garesti ordaintzen da, dirutan.

Europako, Espainiako eta Portugalgo agintariek atzo behin eta berriro esan zuten bi herrialde horien egoerak ez duela zerikusirik Irlandakoarekin, baina ez zituzten merkatuak eta inbertsoreak konbentzitu. Portugal da hurrengo domino pieza. Espainia gero. Baina Espainiako ekonomia Greziakoa, Irlandakoa eta Portugalgoa batuta baino handiagoa da. Erortzeko handiegia, baina erreskatatzeko ere bai, zenbait analistaren esanetan.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, ohi bezala, sua itzali baino gehiago, bizitu egin zuen: «Erreskadan egin beharreko erreskateen arriskua oso serioa da».

Arrisku primak merkatuek herrialde batengan duten konfiantzaren neurgailua badira, ez dute konfiantza askorik Espainiarengan: bere zorraren arrisku saria 236 punturaino igo zen, inoizko kopururik handiena. Hau da, Espainiak Alemaniak baino 236 puntu garestiago saldu behar ditu bere zor bonuak, %4,87ko interesa eskainiz; Alemaniak, berriz, %2,61ean. Espainiaren hamar urterako bonuen errentagarritasuna Greziaren krisi garaikoaren parera iritsi da.

Portugalen, Irlandaren eta Greziaren arrisku primak ere igo ziren atzo, 435, 589 eta 929 puntura, hurrenez hurren. Kasu horietan ez dira historiako kopururik handienak.

Zorra garestitzearen adibide bat: atzo goizean Espainiak hiru eta sei hilabeterako Altxorraren Letrak %1,870eko eta %2,260ko interesean saldu zituen, hurrenez hurren. Alegia, 2008 amaieratik izandako interes altuenean,urrian saldutako interesaren bikoitzean eta Alemaniak ordaintzen duenaren halako hiru ordainduta. 3.000-4.000 milioi euro artean saldu nahi zituen, eta 3.255 saltzea lortu zuen.

Zorra garestitzeaz gain, zorra kobratuko dela bermatzen duten aseguruak ere (CDS, credit default swap) garestitu dira. Espainiaren bost urterako zorraren kasuan, hamar milioi euroko zorragatik 296.070 euro ordaindu behar dira.

Portugalek eta Espainiak kontrako mezuak helarazi zizkieten merkatuei. Portugalek, defizita murrizteko neurriek ez dutela funtzionatu, defizita gutxitu beharrean %2,8 handitu baita aurtengo lehen hamar hilabeteetan iazkoekin alderatuta. Eta gaur greba orokor eguna da Portugalen, herrialdeko bi sindikatu nagusiek deituta, 22 urtean lehen aldiz bat egin ostean. Herritarrek egingo dute protesta, hau da, merkatuen iritziz funtzionatzen ez duten murrizketa neurriak jasan behar dituztenek.

Espainiaren kasuan, atzo jakin zen urrira arteko defizita %47,3 murriztu duela, iazko datuekin alderatuta, balio erantsiaren gaineko zergaren bidez (BEZ) %44 diru gehiago bildu duelako batez ere.

Burtsen jaitsiera

Irlandako erreskateak abiatutako ekaitzak eragin zuzena izan zuen burtsetan. Espainiako Ibex 35 indizeak %3,05eko jaitsiera izan zuen, abuztutik izan duen handiena, bankuen eraginez. Aintzat hartu behar da herenegun %2,68koa izan zuela.

Europako eta AEBetako burtsek ere behera egin zuten atzo: Pariskoak %2,47, Londreskoak %1,75, Frankfurtekoak 1,72 eta New Yorkekoak 1,39.

Egoera ikusirik, betikoek betiko errezetak eskaini zituzten «merkatuak lasaitzeko». Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadorearentzat funtsezkoa da pentsio sistema aldatzea, «merkatuen konfiantza berreskuratzeko». Horretarako aldaketak «handinahia» izan behar du, erretiro adina luzatuz. Haren iritziz, pentsiodunek eskerrak eman behar dituzte pentsioak izoztuta eduki arren gutxituko ez zaizkielako: «Guztia murrizten ari delarik, kontzesio garrantzitsua da pentsioei dauden moduan eustea».

Nazioarteko Diru Funtsak, berriz, onartutako lan merkatuaren erreforma ez da nahikoa. Indarrean dagoenak kaleratzea errazten eta merkatzen duen arren, NDFk esan dio langile finkoak kaleratzeagatik diru gutxiago ordaindu behar duela kalte-ordainetan, hain zuzen, kontratu finkoak bultzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.