Erreskateen kostua bankuei pasatu nahi die AEBetako Gobernuak

Sistema arriskuan jartzen duten bankuak goitik behera aldatzeko legea prestatzen ari da AEBetako Gobernua

Erredakzioa
Iruñea
2009ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Erortzen uzteko handiegiak diren finantza erakundeen arrisku morala amaitu nahi du AEBetako Gobernuak. Hain justu, beti Estatuaren babesa atzean izango dutela jakiteak arrisku gehiago hartzera bultza ditzake bankuak. Horregatik lege zirriborro bat prestatu du hark. Asteon jakin denez, erakunde arautzaileei botere handiagoa eman nahi diete sistema arriskuan jartzen dituzten erakundeetan esku hartu eta goitik behera aldatzeko ahalmena izan dezaten. Horrekin batera, erreskate baten faktura 10.000 milioi dolarretik gorako aktiboak dituzten finantza erakundeen artean partekatua izatea nahi dute.

Legearen edukia hitzartua dute Barack Obama AEBetako presidenteak eta Barney Franck Kongresuko finantza batzordeko presidenteak. Etorkizuneko finantza sistema berritzeko ekimen guztien artean, nagusia izango da,

Dena den, Kongresuan errepublikanoen kritikak piztu ditu erreformak. Lege proposamenak dio finantza sistema gertutik kontrolatuko duen kontseilu bat sortuko dela. Errepublikanoek diote Gobernuari botere handiagoa ematen zaiola horrela eta erabaki arbitrarioak har ditzakeela.

Atzo Timothy Geithner Altxorreko idazkaria Kongresuan izan zen, azalpenak ematen, eta argudiatu zuen arrisku moralaren auzia konpondu egin behar dela. Haren irudiko, finantza sistemaren erreformak ziurtatu behar du banku handien porrota «modu ordenatuan» konpontzeko ahalmena izatea Gobernuak; zergadunei eragin gabe eta akziodunei, hartzekodunei eta beste bankuei ordainaraziz galerak. Erakundeak laguntza publikoa jasoz gero etorkizunean ordaina pasatzeko mekanismoak jarri behar direla defenditu du. Geithnerrek uste du mekanismo bereziok erabakiak azkar hartzeko aukera emango dutela ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.