'Brexit'-a

Erresuma Batuak eta Japoniak merkataritza akordioa egin dute

Brexit osteko lehen aliantza komertzial handia da Londresentzat, eta Boris Johnsonek Europako Batasunarekin negoziatzen diharduen akordioa amildegira eraman ondoren iritsi da.

Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnson. NEIL HALL / EFE
xabier martin
2020ko irailaren 11
12:07
Entzun

Erresuma Batuak eta Japoniak egin berri duten aliantzak 16.090 milioi euroko negozioa eragingo dio Londresi, Liz Truss Nazioarteko Merkataritzako ministroak esan duenez. Motegi Toshimitsu Japoniako Kanpo harremanetarako ministroarekin egindako bideokonferentzia batean itxi berri dute aliantza. «Historikotzat» jo du Trussek akordioa, eta potentzia biei «arrakasta» handiko eragiketak ekarriko dizkiela esan du, bai janarien sektorean, bai manufakturetan, baita teknologiaren alorrean ere.

Halaber, Boris Johnsonen gobernuko kideak zehaztu du «epe errekor batean» itxi dutela akordioa, eta «errazak ez diren baldintzetan». Are gehiago, Europako Batasunak Japoniarekin duen akordioa baino urrutirago doala esplikatu du. Johnsonen gobernuak azpimarratu nahi izan du akordio honek Europako Batasunak Japoniarekin duenak baino etekin handiagoak ekarriko dizkiola Erresuma Batuari. Londresek zehaztu du Erresuma Batuko enpresen esportazioen %99 muga zergetatik libre geratuko direla.

Europako Batasunarekin merkataritza akordio bat negoziatzen ari dela iritsi da Japoniarekin egin duena, eta Johnsonen gobernuak esan du horri esker «milaka britaniarrentzat aukera berriak» sortuko direla. Europako mendekotasunik ez duela izango azpimarratzeko, Erresuma Batuak «urrats garrantzitsua» egin duela adierazi du, Itsaso Bareko aliantza handiaren alde. «Herrialde lagunen» komertzio askeko aliantzen sare baten erdian kokatu da Erresuma Batua, Boris Johnsonen gobernuaren arabera.

Londres-Brusela krisia

Europako Batasunak hilabete amaiera arteko epea eman dio Johnsonen gobernuari Irteera Akordioa hautsiko lukeen lege proiektua erretiratzeko. Erresuma Batuko Kabinete ministroak erantzun du ez dutela hori egingo. Gauzak horrela, oraindik ez dira ofizialki hautsi bi aldeen arteko etorkizuneko merkataritza harremanak adosteko negoziazioak, eta gaur amaituko da zortzigarren negoziazio itzulia. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.