Europako Batasunak lasaitasunerako deia egin arren, hegaztien gripea urrats azkarrak ari da egiten, eta Erresuma Batuan gaitzaren aurreneko kasua atzeman dute. Berrogeialdian zegoela hildako loro batek H5 birusa zuela jakinarazi zuen atzo Erresuma Batuko Ingurumen, Arrantza eta Elikadura departamenduak.Papagaia iraila erdialdean iritsi zen Erresuma Batura, Hego Ameriketatik inportatuta. Ohiko prozedurei jarraiki, berrogeialdian jarri zuten loroa, eta tarte horretan hil da. Ondoren eginiko azterketek erakutsi dute hegaztien gripeak kutsatuta zegoela. Erresuma batuko Ingurumen, Arrantza eta Elikadura departamenduak baieztatu du H5 birusa atzeman diotela loroari, baina oraindik azkarregi da hegaztien gripearen birus hilgarriena ote duen H5N1 jakiteko.Erresuma Batuko albaitaritza zerbitzuko arduradun Debby Reynoldsek, egoeraren larria onartuagatik, loroa Hego Ameriketatik inportatua zela nabarmendu du, eta berrogeialdian zegoela hil dela. Horrenbestez, hegaztien gripeari aurre egiteko hartu dituzten neurriak zorrozteko arrazoirik ez dagoela erantsi zuen, loroarena kasu bakana izan dela azpimarratuz.Europako Batasunean baieztatutako lehen kasua da Erresuma Batukoa. Aurrez Grezian hegaztien gripea atzeman zutela jakinarazi zuten hango agintariek, baina ondoren eginiko analisiek ez zuten halakorik erakutsi.
H5 birusa atzeman dute Moldaviako mugan
Hegaztien gripea uste baino zabalduago dago Errumanian. Atzo, koartza hauskara bat agertu zen hilda Falciu herrian, Moldaviako mugan, eta analisiek frogatu zuten gaitzak hil zuela. Hala ere, agintariek ez zuten zehaztu birusaren H5N1 aldaera zuenik. Gobernuak lasai egoteko eskatu zuen atzo beste behin. Orain arteko kasu guztiak, atzokoa salbu, Danubioren bokalean agertu zirela esan zuen, eta inguru hori kontrolatuta daukatela. Hala ere, segurtasun neurriak mantenduko ditu. 25.000 euroko zigorrak ere ezarri dituzte hegaztiak larrean hazten dituztenentzat. Kroazian kasu susmagarriak agertu dira, Zagrebtik 150 kilometrora.
THAILANDIA, HERRIALDE KALTETUENETAN BIGARRENA
Ume bat birusaren H5N1 aldaeraz kutsatu da
Hegaztien gripeak hamahiru lagun hil ditu Thailandian 2003. urtetik hona, azkena herenegun. Hildakoa 48 urteko gizon bat dela jakinarazi zuen orduan Gobernuak. Atzo, berriz, gizon haren 7 urteko semeak ere hegaztien gripea duela onartu zuen Thaksin Shinawatra Thailandiako lehen ministroak. Joan zen igandean ospitaleratu zuten umea, pneumoniaren ohiko zantzuekin. Sukar handia eta arnasa hartzeko arazoak zituen. Hegaztien gripea bazuen jakiteko egin zizkioten lehenengo analisiek, baina, ezezkoa eman zuten. Agintariek, hala ere, ez zuten baztertu kutsatuta egotea. Izan ere, haren aitari egin zizkioten lehenengo bi analisiek ere ezezkoa eman zuten. Hirugarren proba egin zioten atzo, eta birusaren H5N1 aldaera zuela argitu zuten. Lerro hauek idazteko unean, baina, gazteak hobera egin zuela zabaldu zuen Gobernuak. Ume horren aita kutsatutako oilaskoen bidez kutsatu zela esan zuten osasun agintariek, baina oraindik ez dago argi semea zelan kutsatu zen. Iturri ez-ofizialen arabera, aitak kutsatu zion gaitza. Agintariek, hala ere, baztertu egin dute hori.
Hegaztien gripearen azken biktimaren etxekoek gogor egin zuten atzo Thailandiako Gobernuaren kontra. Euren kasua ezkutatu nahi izana leporatu zioten, eta badaezpadako neurriak beranduegi hartu izana. Thailandian, bestalde, hegaztien gripearen beste bederatzi kasu atzeman dituztela uste dute.