Erretiro adina 60 urtetik 62ra atzeratzea onetsi du Frantziako Senatuak. Eztabaida luze baten ondotik, 186senatari alde agerturik eta 153 aurka, atzo onartu zuten aldaketa. Nahiz UMP eskuinak gehiengoa ez ukan, zentristek ere alde bozkaturik, erretreten erreformako bosgarren artikulua onetsi dute. Sozialistek, berdeek eta komunistek aurka bozkatu dute. Bozka hori behin betikoa da; hau da, ezin daiteke aldaketarik egin Legebiltzarrak jada onetsia izaki irailaren 10ean. Erreforma osoa ezeztatzea litzateke aukera bakarra.
Neurri «triste» hori ikusirik, LABek argi dauka protesta azkartu behar dela. Hain zuzen, astez aste erreformaren aurkako mobilizazioa azkartuz joan da Ipar Euskal Herrian, zein Frantzian. Baionako manifestazioei doakienez, 10.000 lagun atera ziren kalera ekainaren 24an, 15.000 irailaren 7an eta 15.000z gora irailaren 24an eta 10.000 inguru aitzineko larunbatean. LABeko Amaia Fontangen ustez, Frantziako gobernu «elkorrari» begira indar harremana «gogortu» beharra dago. Hots, lokalki sindikatu batzuen ustez, LAB tarteko, greba orokor eta mugagabea da erreforma oztopatzeko molde bakarra.
Protestak azkartuz
Anartean, laugarren greba eta mobilizazio eguna izango da asteartean. Baionari doakionez, CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaires eta Unsa sindikatuek deiturik, manifestazioa 10:30ean abiatuko da Lan Boltsatik. Nahiz antolatzaileek baztertu, LAB sindikatua ere protestan egongo da.
Adinaren atzeratzea Senatuan onartua izan dela jakin bezain laster larunbaterako ere protestarako deia egin du intersindikalak. Hala ere, sindikatuen artean hainbat iritzi daude protesten jarraipenari buruz. Gero eta gehiago dira greba berriztagarriaren hautua egiten ari direnak astearterako. Besteak beste, garraioko SNCF eta RATP konpainietan. Ipar Euskal Herrian, berriz, astearteko manifestazioa izan eta gero ordua dago finkaturik 14:30ean Lan Boltsan, egunari eman beharreko jarraipenaz eztabaidatzeko.
Hainbat neurri daude oraindik eztabaidatzeko Senatuan. Tartean, kotizatu beharreko urte kopurua bete ez arren pentsio osoa jasotzeko eskubidea 65 urtetik 67ra pasatuko duen artikulua. Neurri hori ere oso kritikaturik dago. Hori dela eta, protesta eztitu nahiz, hainbat aldaketa ekarri dizkio aste honetan Frantziako Gobernuak. Batetik, datozen bost urteotan, hiru seme-alaba edo gehiago izan dituzten emazteek pentsioa osorik jaso ahal izango dute 67 urte bete gabe ere, baldin eta haur horiek zaintzeko lana utzi badute. Aldaketa horrek 130.000 emakumeri eragingo lieke, hain zuzen ere, 1951 eta 1955 artean jaiotakoei.
Bigarrenik, elbarritasun fisiko edo psikiko handiak dituzten haurren gurasoek pentsioa osorik eskuratuko dute 67 urte izatera itxaron gabe. Neurri horrek ez du epe mugarik. Bien kostua 3.400 milioi eurokoa dela esan du Woerthek, eta kapitalaren gaineko zerga 0,2 puntu igota eta etxebizitzen gainbalioen gaineko kapitalekin parekatuz lortuko dute dirua.
Izan lan baldintza gogorrei begira ala karrera luzeei buruz izan dira aldaketak ere. Baina aldaketa «txiki» horiek egitasmo «injustu eta eraginik gabeko» horren logika ez dutela aldatzen diote sindikatuek. Legebiltzarrak erreforma irailaren 15ean onartu zuen.
Erretiroaren adina 60 urtetik 62ra atzeratzea onetsi du Senatuak
Emaitza jakin bezain laster, astearterako ez ezik larunbaterako ere deitu dute protestara sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu