Aurreko astearteko itxura berdinarekin esnatu zen atzo Frantzia. Garraio publikoan zerbitzu gutxiago, errepideetan ibiltzeko zailtasunak eta lantokietan ohi baino jende gutxiago. Eguerdi partean, berriz, manifestazioak non-nahi. 266 zeuden antolatuta, erretreten erreforma salatzeko. Zazpigarren protesta eguna zen atzokoa, eta tentsioa gero eta handiagoa da herrialdean. Gazte jendea hartzen ari den protagonismoak kezkatzen du, alde batetik, Gobernua, eta, bestetik, erregai faltakizan ditzakeen ondorioek.
Astebete pasa daramate greban herrialdeko hamabi findegiek. Horren eraginez, 4.000 inguru dira dagoeneko hornidura arazoak dituzten gasolindegiak, batez ere mendebaldeko eskualdeetan eta Normandiako kostaldean.Eskasiaren aurka esku hartuko duela esan du Gobernuak. Arazoa aztertzeko atzo arratsaldean bertan presako bilera egin zuten hornitzaileekin.
Gobernuko ordezkarien arabera, Estatuaren biltegietan badago erregaia. Banaketa sistema da grebaren eraginez huts egiten duena. Hori berrantolatu beharko dela adierazi dute. Kamioiak sartu eta atera ahal izateko zainketa zerbitzu bat martxan jartzeko prest azaldu dira. Horrez gain, banatzaileak prest agertu dira bakoitzak dituen erreserbak partekatzeko eta beharrean dauden zerbitzuguneetara ahalik eta lasterren joateko.
«Jendeak lan egin nahi du, eta ezin zaio erregaia galarazi», esan zuen Nicolas Sarkozy presidenteak.Gogorragoa izan zen François Fillon lehen ministroa. «Inork ez du eskubiderik herrialde oso bat gatibu hartzeko», adierazi zuen. Grebarako eskubidea izan arren, inork ezin duela herrialde bat eta haren ekonomia eta lanpostuak blokeatu nabarmendu zuen.
1,1 eta 3,5 milioi artean
CSA institutuakegindako ikerketa baten arabera, frantziarren %71k babesten zuten atzoko greba.Protestetara atera zen jende kopuruari buruzko datuak ezdira hain zehatzak.
Barne Sailak emandako kopuruen arabera, joan den asteartean baino babes txikiagoa izan zuten manifestazioek. 1,1 milioi pertsona zenbatu zituen guztira. CGT eta CFDT sindikatuek, berriz, halako hiru: 3,5 milioi, urriaren 12an adina hain zuzen. Pariskoa izan zen jendetsuena 67.000 pertsona izan ziren han Poliziaren arabera, CGTren iritziz, 330.000. Han ziren, besteak beste, Segolene Royal, Harlem Desir, Martine Aubry eta Benoit Hamon PSko kideak.
Gaur zen bozkatzekoa erreforma Senatuan, baina atzeratu egingo da, oraindik ez dago argi noiz arte. 500 zuzenketa daude eztabaidatzeko.
ERRETRETEN ERREFORMA. GREBA. Gobernuak esku hartuko du erregai falta konpontzeko
Lau mila inguru dira dagoeneko grebaren eraginez hornidura arazoak dituzten gasolindegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu