Dena den, erabateko normaltasunik ez dago oraindik gasolindegietan. Atzo goizean, hirutik batek zituen hornidura arazoak. Kamioilariek atseden eguna zuten igandean, eta horrek areagotu egin zuen eskasia. Arratsalderako, lautik batera jaitsi zen erregai faltan zeudenen kopurua.
Bien bitartean, erretreten erreformaren prozedurak aurrera darrai. Atzo, zazpi senatari eta zazpi diputatu bildu ziren testu bateratu bat adosteko. Prestatu zuten, eta horri esker bihar onartu ahal izango da erreforma.
Herritarrak ez daude etsitzeko prest ordea. Hala, oporrak ahaztu eta kalera ateratzera daude deituta ikasleak gaurko. Protesta egun handiak ostegunean eta azaroaren 6an izango dira, intersindikalaren ekimenez. Frantziako Gobernuak haietan ez parte hartzeko eskatu die herritarrei. Christine Lagarde Ekonomia ministroak emandako datuen arabera, grebek 200 eta 400 milioi euro arteko kostua dute egunean. Itxura aldetik Frantziari egindako kaltea are handiagoa izan dela nabarmendu du.
Hainbat protesta Iparraldean
Frantzian ez ezik, Ipar Euskal Herrian ere hainbat protesta antolatu dituzte. Gaur, 07:15etik 16:15era Baionako biribilgune nagusietan eskuorriak banatuko dituzte. 11:45etatik 13:30era Baionako herriko etxearen aurrean bilduko dira Jean Grenet diputatuaren bozka salatzeko. Gauza bera egingo dute Miarritzen: 17:30etik 19:00era bilduko dira herriko etxearen aitzinean, Didier Borotra senatariaren botoa gaitzesteko. Ostegunean, 10:30ean izango da manifestazioa, Baionan.
Atzo ere izan ziren erretreten erreformaren aurkako protestak. Suprefeturara sartu ziren 30 bat lagun, eta beste hogeiren bat kanpoan geratu ziren, Poliziak ateak itxi zituelako. Hiru ordu laurdenen buruan kanporatu zituzten. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan antolatutako protestei buruzko informazioa grevepaysbasque.eklablog.com webgunean aurki daiteke.