Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioei eutsiko diete

Urriaren 28an eta azaroaren 6an izango dira protestak; FO eta Solidaires sindikatuek ez beste guztiek egin dute bat deialdiekin

Miren Garate.
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Eta orain zer? Senatuak erreforma onartzen duenean, merezi du protestekin jarraitzea edo amore ematea beste erremediorik ez dago? Horra intersindikalak atzo izan zuen eztabaidagaia. Espero zena erabaki zuten langileen ordezkariek: beste bi mobilizazio, greba eta protestak urriaren 28an eta protestak azaroaren 6an. FO eta Solidaires sindikatuek ez dute bat egin deialdiekin, protesta gogorragoak nahi zituztelako.

Sindikatuen arteko batasuna ahultzen ari dela ematen badu ere, bi ordu pasatxoko bileraren ostean, gai izan ziren mobilizaziorako deia elkarrekin egiteko. Sendotasuna hautsi nahian edo, Gobernua saiatu da langileei keinu txiki bat egiten. Herenegun eta atzo artean, 2012ko hauteskundeak pasatu ostean erretreten sistema osoki aztertzeko eskatzen duen zuzenketa onartu zuten. Neurria erreformaren aurka daudenentzat aurrerapausoa deladio Jean Arthuis Senatuko finantza batzordeko presidenteak. «Irail amaieran gobernuak ez zuen nahi halakorik entzun ere egiterik, bere erreformaren ahuleziak onartzea zelako hori».

2013ko lehen seihileko aldera egingo litzatekeen eztabaidan, puntu bidezko erretreten erregimen unibertsala izango litzateke aztertu beharreko kontuetako bat. Europako hainbat herrialdetan funtzionatzen du dagoeneko sisteman horrek, Suedian, kasu. CFDT sindikatuaren eskaerak, besteak beste, norabide horretan doaz.

Aurreko protestak jende aldetik arrakastatsuak izan ziren, eta erantzun hori errepikatzea dute xede sindikatuek. Omiasainduko oporrek eta erreforma onartzeak jendea apalduko ote duten beldur dira. Hain zuzen, okerrik ezean, gaur izango da bozketa Senatuan. Eric Woerth Lan ministroak artikulu batzuen eztabaidan boto bakarraren prozedura erabiltzeko eskatu zuen, erreforma asteburua baino lehen onartu ahal izateko. Konstituzioaren 44. artikuluaren arabera, gobernuak aukera du ganberei boto bakarra eskatzeko onartuta dauden zuzenketetan. Atzo eguerdian, esaterako, 250 zuzenketa zeuden artean eztabaidatzeko.

Haserre agertu zen Martine Aubry PSko idazkari nagusia neurriarekin. Eroso dago oposizioa, eta komeni zaio eztabaida ahalik eta gehien luzatzea, Sarkozyren gobernua gehiago estutzeko. «Justua ez den erreforma bat ezarri nahi du, negoziazioei berriz ekiteari uko egin dio eta orain Senatua gutxietsi du», esan zuen, gertatutakoa «eskandalagarria» dela argudiatuta.

Sarkozy oso haserre

Bien bitartean, protestek ez dute etenik herrialdean. Sarkozyk justifikatu egin du manifestarien aurka indarra erabiltzea. Herenegun Lyonen izandako iskanbilak izan ditu hizpide. «Liskargileak aurkitu, harrapatu eta zigortu egingo ditugu, ahultasunik gabe». Haren esanetan, erreforma bat dagoen bakoitzean «gutxiengoak» ezin ditu besteak blokeatu, «Frantzia ezin da izan hori egiten duen herrialde bakarra».

Gazteei buruz ere hitz egin du presidenteak. Ez ditu ulertzen haien protestak. «Erreforma haientzat egingo dugu. Horrela ez dute bi aldiz ordaindu beharrik izango, behin beraientzat eta beste behin euren gurasoentzat». Bitik bat 100 urtera arte biziko dela gaineratu du. «Bizi guztia lanean emanda gero, erretretara ordainduko zaien ziurtasunik gabe iristea, hori bai izango litzateke injustizia».

Bien bitartean, findegietako blokeatzeek eragindako arazoak konpontzen ari dira poliki-poliki. Jean Louis Borloo Energia ministroak emandako datuen arabera, asteazkenean 3.181 gasolindegi geratu behar izan zituzten hornidura arazoengatik; atzo, 2.790ek zituzten arazoak. Egoera asteburuan itzuliko dela normaltasunera gaineratu du. CGFT sindikatua, kasu, blokeatzeen aurka dago, herritarren haserrea eragin dezaketelako halako neurriek. Air France-KLMko bozeramaile batek azaldu du protestek egunero bost milioi euroko gastua eragiten diotela konpainiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.