Erretreten erreformaren aurkako protesta dute gaur ere ipar euskal herritarrek

Greba egiteko zailtasunak dituzten langileak karrikara ateratzea espero dute antolatzaileek

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Erretreten erreformaren aurkako haserrea beti hor da, eta berriro entzunaraziko dute gaur. CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaires eta Unsa sindikatuek deiturik, manifestazioa 10:30ean abiatuko da Baionako udaletxetik. Nahiz antolatzaileek baztertu, LAB sindikatua ere protestan egongo da. Behin eta berriz gaitzetsiko dute erreformarekin Frantziako Gobernuak langileei gehiegi eskatzen diela. Hain zuzen, 2018rako erretiroaren adina 60 urtetik 62ra atzeratu nahi da, eta osoki kotizatu ez arren pentsio osoa jasotzeko eskubidea 65 urtetik 67ra pasaraztea da xede.

Ekainean, Frantziako Lan ministro Eric Woerthek erreforma aurkeztu zuenetik laugarren protesta eguna izango da gaurkoa; LABentzat, berriz, bosgarrena.

Astez aste mobilizazioa azkartuz joan da Ipar Euskal Herrian, zein Frantzian. Baionako manifestazioei doakienez, 10.000 lagun atera ziren kalera ekainaren 24ean, 15.000 irailaren 7an eta 15.000az gora irailaren 24an.Frantziako Gobernuak ez du herritarren ahotsa entzun gogo, eta hasierako jarrerari gogor eusten dio. Woerthek behin eta berriz berretsi du erreforma «bozkatua eta aplikatua» izango dela. Irailaren 10ean zuten Legebiltzarrean bozkatu eta asteartean ikertuko dute berriro Senatuan. Izan lan baldintza gogorrei begira ala karrera luzeei buruz hartu aldaketa «txikiek» egitasmo «injustu eta eraginik gabeko» honen logika ez dutela aldatzen diote sindikatuek.

Larunbata izanki, «beste populakuntza bat» mobilizatu nahi dute antolatzaileek. Hau da, greba egun bat egiteko zailtasun finantzarioak dituzten langileei karrikara ateratzeko aukera eman nahi diete.

Greba eguna asteartean

Astearteko greba eguna «prestatzeko» eguna izango da gaurkoa. Laugarren greba eguna izango da hau. Egun bakarreko greben eraginaz ez dira denak segur haatik. Erreforma ezeztatu arteko greba mugagabea aldarrikatzen dute lokalki hainbat sindikatuk. LAB edota FO agertu dira adibidez behin baino gehiagotan ideia horren alde. LABeko kide Amaia Fontangen arabera, gobernua plegarazteko molde bakarra ekonomiaren blokeoa da, hori greba orokorra eta mugagabearekin lortu daitekeelarik bakarrik.

Fontangek argi du sindikatuekin hitz egiteko nahikeriarik ez duela Frantziako estatuak eta negoziaketak «faltsuak» izango direla. Hori dela eta «haustura postura» bat hartu behar dela dio.

LABek ez du ulertzen zergatik sindikatu nagusiek ez duten greba orokorra egitera deitzen. Horregatik kide Naziorik Gabeko Estatuetako Sindikatuen Plataformako (PSNST) beste erakundeekin batera gutun bat bidali diete «erreforma kendu arteko protesta orokor eta mugagabea» eskatuz.



Erreforma moldatu behar dute, zuloa uste baino handiagoa izango delako 2020an

Erretreten erreformari aldaketak ekarri beharko dizkio Frantziako Gobernuak. 2020an Erretreta Kutxaren zuloa uste baino handiagoa izanki, erreformaren finantzatzeko egin kalkuluak arrabegiratu beharko dituzte. Eta hori asteartea aitzin, hots, Senatuan lege proposamena ikertzen hasi baino lehen.

Epe laburrean zuloa uste baino txikiagoa baldin bada, 2014-2020koa da pentsatu baino handiagoa. Hamar urteren buruan 47 miliar eurokoa izango da, hots, uste baino 2,3 miliar euro gehiagokoa. Gainera, horri gehitu beharko zaizkio 200milioi euro, gobernuak jakinarazi berri dituen kontzesiorako kostuak. Langabeziako asurantzatik hartu kotizazioak emendatzea da aurkeztu aterabidea ; 3,3 miliar eurokoak izango dira 2020an, eta ez, hasieran pentsatu bezala, 1,4 miliar eurokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.