Jakina zena egiaztatzeko bisitaldia antolatu zuen atzo CNA taldeak Arrasateko Garagartzan. Baina Fagor marka piztu duela ezaguna izanagatik, nekez uka daiteke fabrikaren jardueraren hotsak oihartzun sinbolikoa duela. «Bon dia, benvinguts. Avui és un dia molt important per a nosaltres perquè aquesta fabrica torna a l'activitat industrial». Francisco Martin Galagarza Electrodomesticoseko zuzendari nagusiak garbi utzi zuen hasieratik ekitaldiak kutsu sinbolikoa zuela. Aurrena katalanez, gero euskaraz agurra, eta azkenik azalpen luzeenak gaztelaniaz. «Harro egoteko motiboa da guretzat Euskal Herrian hain sinbolikoa den Fagorren proiektu berri honetan egotea».
Fagor Etxetresnak konkurtsoan zeuden orain urtebete, jarduera etenda, «eta kaos izugarrian», Arantza Tapia Jaurlaritzako garapen Ekonomikoko sailburuak laburbildu zuen moduan. Makinen hotsarekin batera, ekoizpen kateetan dozenaka labe ikusten ziren atzo, Fagor eta Edesa markarekin, eta haiekin batera indukzio plakak. Fagor labe eta sukaldeetan errezeta katalana dago orain. «Eraginkortasuna, lehiakortasuna eta espezializazioa», Martinen hitzetan.
Eta laster garbigailuak ekoitziko dituzte Garagartzako planta berean, gaitasun handiko ikuzgailuak, 7-8 kilokoak. Urtarrilerako hastea aurreikusi dute. Hori da atzoko albiste nagusia; uztailean, Pedro Malagonen epaitegian Fagor Etxetresnen adjudikazioa lortzeko CNA taldeak egindako eskaintza beteko den jakiteko aztarna bat ere izan daiteke. Ongi azpimarratu zuen Jorge Parlade CNAko buruak: «Berriro hasteko aukera dugu, eta nazioarteko etxe guztietan lehenbailehen egoteko borondate irmoa dugu».
300 lanposturako bidean
Gaur egun 279 langilek dihardute Garagartzan, Bergaran (berogailuak) eta Eskoriatzan (eltzeak), gehienak Fagorreko bazkide ohiak. Urte bukaerako 300 inguruko lantaldea biltzea espero du CNAk. Bergarako 124 beharginak aste batzuk barru bihurtuko dira Kataluniako konpainiako soldatapeko, 2015ean jada. «Eta kontratazioekin jarraitzen dugu, elkarrizketak etengabe egiten», esan zuen Francisco Martin zuzendariak.
Izan ere, garbigailuekin hastean langile gehiago beharko dituzte. Hozkailu eta ontzi garbigailuaz galdetzean, ordea, Martinek ezin izan zion irribarreari eutsi, oraindik «oso goiz» dela adierazteko, esku artean dutena «erronka handia» dela nabarmenduz.
Urtebetean 700 bat lanpostu sortzeko planarekin aurrera jarraitzen dutela, alegia, baina oraingoz zuhur izan nahi dutela. Fagor marka merkatuan jarri — «dagoeneko kamioiak atera dira labe eta plakekin planta honetatik»—, eta erantzuna aztertzean erabaki gehiago hartu ahal izango dituztela.
Confortari buruz eman zuen, haatik, datu garrantzitsu bat Basauriko plantaren etorkizuna aurreikusteko. «Azterketa zorrotza egiten ari gara jakiteko bideragarria ote den Basaurin conforteko negozioarekin jarraitzea. Datorren asterako erabaki bat hartu eta jakinaraziko dugu».
CNAk ez du baztertu Basauriko jarduerari berriro heltzea, baina aukera gehiago ditu hango jarduera Garagartzara edo Bergarara ekartzeak, begien bistakoa delako CNAk espazio handia duela libre Gipuzkoako lantegietan, eta Basauriko lantegia alokatu egin beharko lukeela, hura ez baitzegoen adjudikagarriak ziren ondasunen zerrendan. Hots, Basauri ez da CNArena; Edesa marka bai.
Horiek horrela, garbi dago Garagartza izango dela Galagarza Electrodomesticosen egoitza eta lantegi nagusia. Espezializazioaren politikari jarraituz, bertan egingo dira «aurki» Cataren markako etxetresna batzuk (egosketa atalekoak), eta Torellon (Bartzelona), berriz, Fagor markako keak xurgatzeko kanpaiak. «Hiru lantegi zabaldu ditugu, eta gainontzekoen jarduera industrialak berreskuratzeko borondate sendoa daukagu», esan zuen Parladek.
Konfiantza, geroari begira
Bergarako Geyser-Gastech bere osotasunean luze gabe lortuko dutela ere iragarri zuen, BERRIAk orain aste batzuk aurreratutako akordiorako negoziazioak berretsita. 2015erako espero da Vaillantek Bergarako joint venture-aren bere erdia saltzea.
Bisitaldiaren osteko prentsaurrekoa eman aurretik, Jorge Parlade eta Francisco Martin Arantza Tapia sailburuarekin batzartu ziren, proiektuaren «jarraipena» egiteko. «Elkarlana eta baldintzarik gabeko laguntza» eskertu zion Parladek Eusko Jaurlaritzari, eta hitza Tapiari ematean «adeitsu» eta «atsegin» hitzak erabili zituen orain arteko haren «ekarpena» kontuan hartuta.
Arantza Tapiak «pozik» azaldu zuen egungo egoera zein den Fagor Etxetresnak izandakoan, orain urtebetekoarekin alderatuta. «Esperantza mezua eman behar dugu. Gaur jarduera eta enplegua dago hemen, eta enpresak etorkizuna dauka». Geroari begira eman zuen bigarren oharra, Jaurlaritzak CNAren ahalegina sinesten duela esateko. Tapiak «konfiantza» dauka katalanek «eskainitako guztia betetzen ari direlako orain arte».
Garagartzako labea, beraz, berotzen hasi da, egunero 300 plaka eta 200 labe ekoizten, eta martxorako ekoizpen hori bikoiztuko du. Hala, negozioa zabaltzen hasi da CNA baina beti zuhurtziaz, «ekoizpen gaitasuna beti ehuneko ehunean edukita». 2015erako 160 milioi euro fakturatu nahi ditu enpresa berriak.