Finantza merkatuetan hasi arren, krisialdiak bestelako sektoreei egin die kalte denborarekin. Supermerkatuetako apaletan elikagai merkeagoen bila hasi dira kontsumitzaileak, eta, jakietan ez ezik, edarietan ere aurrezteko joera azaldu dute. Horren ondorio dira Errioxa jatorri izeneko ardoen salmentak, urtarrilean eta otsailean duela urtebete baino %17,31 gutxiago saldu zen. 44,4 milioi litro saldu ziren 2008ko hasieran, eta, aurten, berriz, 36,7 milioi litro besterik ez.
Errioxako Ardoaren Jatorri Izenerako Batzordeak zabaldutako datuen arabera, azken hamabi hilabeteetako jaitsiera %10,23koa izan da. Hau da, aurtengo lehen bi hilabeteotako jaitsiera ez dela kasualitatea, azken urteko beheranzko bilakaeraren jarraipena baizik. Izan ere, 251,9 milioi litro Errioxako ardo saldu ziren 2008. urtean, eta, 2007an 271,6 milioi litro merkaturatu ziren. Salmentek ekonomiaren bilakaerarekin bat egin, eta udatik aurrera hasi ziren jaisten. Iazko jaitsierarik larrienak azaroan eta abenduan izan ziren, zazpi puntu ingurukoak.
Aurtengo lehen bi hilabeteotan ardo onduek eta erreserbek izan dute beherakadarik handiena. Ardo gazteak, berriz, %2,33 gutxiago saldu ziren urtarrilean eta otsailean. Onduek %21,84 egin zuten behera, 19,2 milioi litro saltzetik 15 milioi saltzera igaro baitziren. Alabaina, erreserba ardoaren salmentak izan zuen jaitsierarik handiena, %39,7koa, hain zuzen ere, hiru milioi litroko galerarekin. Erreserba handiek, garestienek, alegia, beherakada txikiagoa izan zuten, %17,08koa. 828.000 litroko salmentak izan zituzten 2008ko lehen bi hilabeteetan, eta686.000 litrokoak aurten epe berean.
Herena Araban eta Nafarroan
Errioxa jatorri izeneko ardo ekoizpenaren herena egin zuten iaz Nafarroako eta Arabako 532 upategietan, guztira 84 milioi litro. 2007an, baina, bost upategi gehiago ziren lurralde horietan. Araban lau gutxiago ziren iaz, 520tik 516ra, eta bat gutxiago Nafarroan, 17tik 16ra. Espainiako Errioxan, 671 upategi zeuden iaz, aurrekoan baino hiru gehiago.
Hego Euskal Herrian eta Espainian saltzen dira Errioxa ardoaren bi heren. Hortik kanpo, Erresuma Batua da bezerorik onena, esportazioen %36rekin. Ondoren, Alemanian (%17), AEBetan (%8,7) eta Suitzan (%7,8) erosi zuten gehien.
Errioxa ardoen salmenta %17 jaitsi da iaztik, erreserba eta onduena nagusiki
Araba eta Nafarroako upategietan jatorri izeneko 84 milioi litro ardo ekoitzi zituzten iaz, guztiaren heren bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu