EROSKETAK
Mario Fernandezek eta Xabier Iturbek finantza erakunde gehiago erosteko asmoa dute, betiere finantza horiek merkatu kuota nabarmena badute beren jarduera lurraldeetan. Iturbek berak gogorarazi du irailean amaituko dela Espainiako finantza erakundeei birkapitalizatzeko emandako epea, eta «aukerak» egongo direla merkatuan.
ADMINISTRAZIO KONTSEILUA
•Botere borroka. Kutxa Bankeko administrazio kontseiluak hogei kontseilari izango ditu. BBK-k hamabi izendatuko ditu, Kutxak sei eta Vitalek bi. Bakoitzaren batzar nagusiak aukeratuko ditu kontseilariak. «Profesionalak eta prestigiodunak» izan behar dute, baina alderdi politikoek ez diote uko egingo kutxetako boterea galtzeari.
•Bildu. Bilduko ordezkariek ez zuten Kutxa Bankeko administrazio kontseiluko ordezkaritza aipatu kutxetako arduradunekin lortutako akordioa aurkeztu zutenean. Baina, logikoki, horri buruz ere hitz egingo zuten. Berez, zenbakiek diote Bilduk ordezkariak izan behar dituela administrazio kontseiluan: alde batetik, maiatzaren 22ko hauteskundeetan hautetsi asko lortu zituelako; bestetik, botere politiko horrek handitu egingo duelako Bilduk kutxetako batzar nagusietan duen ordezkaritza; eta, azkenik, bat egiteari beharrezko bultzada eman diolako hankamotz gera ez zedin.
KAPITAL PRIBATUA
Kutxa Bankek oraingoz ez du kapitalik behar, baina behar izanez gero, merkatura jo dezake, betiere hiru kutxetako batzar nagusien babesa lortuz gero.
GIZARTE EKINTZA
Gutxienez irabazien %30 bideratuko dute gizarte ekintzara, «betiere sozietate zentralaren finantza kaudimenak eta ezarri beharreko arau erregulatzaileek ahalbidetzen badute». Oraindik ez dute zehaztu kaudimenaren muga non eta nola jarriko duten, horren arabera gizarte ekintzara %30 edo gutxiago bideratu ahal izateko.
LAN BALDINTZAK
•Akordioa bai, akordioa ez. Kutxetako giza baliabideetako arduradunek lan akordioa sinatu dute CCOO, Piskanaka Kaskari eta Grupo Independiente Vital sindikatuekin. Akordioa lortu dute, baina akordiotik kanpo geratu dira Hego Euskal Herriko langile gehienen ordezkariak, ELA eta LAB. Bilduren arabera, kutxetako arduradunek konpromisoa hartu zuten Hego Euskal Herriko langileen borondatea errespetatzeko, hau da, langileek hala erabakitzen badute lan hitzarmen propioa izateko. Negoziazioetan, ordea, ELAri eta LABi aukera hori ukatu diete. Bat-egite akordioak dio langileen borondatea errespetatuko duela, baina Hego Euskal Herria propio aipatu gabe.
•Erretiro aurreratua. 500 langile erretiro aurreratua hartzera behartuko dituzte 2014 bitarte. Hala ere, beste hainbeste izan daitezke 2014tik aurrera.