«Erruduna naiz»

2009ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Egoera horretara ailegatuta, Bernard Madoff Wall Streeteko iruzurgilerik handienak ez zeukan bere burua erruduntzat jo beste aukerarik. Eta atzo halaxe egin zuen epailearen aurrean: «Nola deklaratzen duzu zeure burua?», galdetu zion Denny Chin epaileak; «errudun», erantzun zion. Eta Chinek kartzelara bidali zuen.

Madoff hogei urtez aritu da piramide formako iruzurra egiten: bezero berriek inbertitutako dirua inbertsore zaharragoen irabazi bihurtzen zuen. Denbora horretan guztian egindako elur pilota, ordea, krisiak birrindu zuen: jendeak dirua berreskuratu nahi zuenean, hain zuzen.

Madoffek berak onartu zuen atzo: «Egun horrek iritsi behar zuen». Eta iritsi da, bai, baina berandu samar. Izan ere, 50.000 milioi dolarreko zuloa eragin du, eta milaka pertsona kaltetu dira mundu osoan: hiritar arruntak eta Hollywoodeko izarrak. Kevin Bacon aktorea ere iruzurraren biktima izan dela diote AEBetako hainbat komunikabidek.

«Erabat damututa eta lotsatuta nago», esan zion epaileari Madoffek. «Azkar geratuko zela eta hortik irtetea lortuko nuela uste nuen»; egoera, baina, «zaildu egin zen, eta azkenean ezinezkoa izan da». Damuak ez dio askorako balio izan, eta 11 delitu egotzita, 150 urte arteko kartzela zigorra jar diezaiokete. 70 urte dituenez, ikusteko dago zenbat urte egongo den kartzelan. Baina hori ekainaren 16an jakingo da.

Hala ere, ez dauka motiborik beste batzuk adina kexatzeko. Abenduaren 12an iruzurra ezagun egin zenetik, ez baita kartzelan egon, New Yorken daukan luxuzko apartamentuan atxilotuta baizik. AIZPEA AMAS
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.