Lehengaiak

Errusiak bat egin du petrolio gutxiago merkaturatzeko LPEEren erabakiarekin

Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta aliatuek milioi erdi upel gutxiago ekoitziko dituzte, eta Saudi Arabiak segi egingo du bere 400.000 upeleko borondatezko murrizketarekin, beste kideei presio egiteko hitzemandakoa bete dezaten

Khurais petrolio putzua, Saudi Arabiako basamortuan. ALI HAIDER / EFE
Irune Lasa.
2019ko abenduaren 6a
16:59
Entzun

«Ez dut prezioez hitz egin nahi». Ziurrenez, nahi duenaz bakarrik hitz egitera ohituta egongo da Abdulaziz bin Salman, Saudi Arabiako Energia ministroa. Gaur arratsaldean «merkatuaren egonkortasunaz» hitz egin nahi zuen, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta Errusiak Vienan hartutako erabakien berri ematean.

Hitzak hitz, upelaren prezioa da esportatzileen kezka nagusia azken urteetan. 2016an upela 40 dolarretik behera amildu zenean, ekoizpena murriztu behar izan zuten prezioak berreskuratzeko. Eta orain gauzak ez dituzte hobeto: 2020 hasieran petrolio eskari globala eguneko 1,1 milioi upeletan haziko dela uste dute LPEEk eta Errusiak. Baina eskaintza da haien egiazko arazoa, AEBetako eskisto petrolio asko merkaturatuko delako. Gauzak horrela, jada 1,2 milioi upeletan murriztutako ekoizpenari beste milioi erdi upel kenduko dizkiote LPEEk 360.000 upel gutxiago merkaturatuko ditu eta aliatuek gainerakoak —Errusiak 70.000 upel—.

Hori bai, Saudi Arabiarentzat lehentasuna beste kideek hitza betetzea da. Edo behintzat murrizketa sinesgarria izatea merkatuarentzat. Horregatik, oraingo gutxitzetik tokatzen zaion 167.000 upeleko murrizketari urte hasieratik indarrean duen 400.000upeleko «borondatezko murrizketa» gehituko dio. Ondorioz, orotara murrizketa 2,1 milioi upelekoa izango da.

Kuoten murrizketatik kanpo jarraituko dute LPEEko hiru kidek, Irakek, Libiak eta Venezuelak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.