ENERGIA

Errusiar erruleta gasaren iturrian

Zer aukera ditu EBk Errusiako gasarekiko menpekotasuna hausteko? Dibertsifikazio aukerak badira, baina interes gurutzatuek ahots bakarrez erantzutea oztopatzen dute.

Jon Fernandez.
2014ko martxoaren 30a
21:12
Entzun

Oso zaila da konponbide bat topatzea dena nahas-mahas dagoenean. Konponbideak norentzat izan behar duen argi ez dagoenean, ustez mokoka dabiltzanen artean, atzetik, interes ekonomiko handiak daudenean. Ukrainako krisiak Bruselari mahai gainean jarri dio berriro buruhaustea: nola eten Errusiako gasarekiko gehiegizko menpekotasuna? Zein alternatiba ditu energia hornidura dibertsifikatzeko? Zaharrak dira galderak, eta Bruselak ez du inoiz erantzun bateratu bat eman. Estatu bakoitzak bere energia politika du, eta bere kasa erantzuten die energia menpekotasunei. Energia «arma bezala» erabiltzea leporatzen dio Mendebaldeak Moskuri. Baina salaketatik konponbidera pasatzeko benetako pausorik ematen ez duen bitartean, Europako Batasunak errusiar erruletara jolasten jarraituko du energia arloan.

Gaur egun Europak Gazpromi —Errusiako gas konpainia publikoari— erosten dio kontsumitzen duen gasaren ia herena, eta gas errusiarraren zatirik handiena (%58) Ukrainako gasbidetik pasatzen da. Biderik gatazkatsuena da, funtsean, Kievek ez dizkiolako zor guztiak ordaintzen Moskuri. Egun, 1.115 milioi euro zor dizkio, eta arrazoi horregatik pizten da txitean-pitean gasaren gerra: Kiev zigortzeko Moskuk gasaren iturria ixtea, albo kalte bezala hainbat neguz Europako herrialde asko gas hornidura barik utziz. Azken hogei urteetan hamabi gas gerra izan dira Kiev eta Moskuren artean, EBren kaltetan.

Krisi horiek argi laga dute, behin eta berriz, EBk energia hornidurarekiko eta bereziki Errusiako gasarekiko duen menpekotasun arazoa. Orain arteko konponbideak txaplatak baino ez dira izan, eta, gainera, estatu bakoitzak bere erara jarritakoak, energia hornidurarena estatuen eskumena baita. Alemania da Gazpromen erosle nagusia, eta Errusiatik bertara zuzeneko gasbidea du 2011z geroztik. Nordstream izena du Itsaso Baltikopetik iristen zaion gasbideak. Badago Errusiako gasa Europa Mendebaldera iristeko hirugarren bidea, Bielorrusiatik pasatzen den Yamal gasbidea. Baina, oraindik orain, Ukrainako pasabidea da nagusi, eta arazoak agerikoak dira.

Kiev saihesteko beste hiru gasbide proiektuan daude: Southstream (Errusiatik, Itsaso Beltzetik pasata), Nabucco (Iraken menpeko Kurdistandik, Turkiatik pasata) eta TAP (Azerbaijandik Grezia eta Italiarantz). Baina epe ertain edo luzerako proiektuak dira, eta ez da ziur-ziurra egin egingo direnik ere. Adituen ustez, gainera, ez lukete Errusiarekiko menpekotasuna apurtuko.   

Zeintzuk dira, orduan, dependentzia hausteko eztabaidagai dauden alternatiba nagusiak? AEBetatik gasa inportatzea da bat. Aukera bat da, baina, oraingoz, oso ahula. "AEBak demokraziaren gotorleku izan ginen Bigarren Mundu Gerran. Orain, energiaren gotorleku bihurtuko garela uste dut", esan du Robert McNallyk, George Bushen garaiko Energia politiken arduradunak. Baina gauzak ez daude argi, ezta AEBetan bertan ere. Azken urteetako fracking ekintzei esker, munduko gas ekoizle nagusi bihurtu dira, eta gas natural likidoa (GNL) esportatzeko terminalak egiten hasiak dira.

AEBetako gasa

Etxe Zuriaren orain arteko politika GNLa ez esportatzea izan da, bere ekonomia indartzeko energia merkea izatea ahalbidetzen diolako. Baina esportazioari atea ireki dio Barack Obamak. 2010etik gasa esportatzeko zazpi baimen eman ditu, joan den astelehenean azkena, baina 2015eko bigarren seihilekora arte ez dira izango lehen esportazioak. Louisianako GNL terminala izango da martxan jartzen lehena, eta aurreratu du gas gehiena Hego Koreara, Japoniara eta Indonesiara esportatuko duela, han garestiago ordainduko dietelako.

Hau da, ez dago argi AEBei ekonomikoki errentagarri izango ote zaien gasa EBri saltzea eta ezta Bruselari ere erostea, Errusiako gasa baino garestiagoa izango baita garraio kostuengatik. Halere, Errusiako gasarekiko menpekotasun handiena duten Europa Ekialdeko herrialde batzuek uste dute AEBetako gasa inportatzen haste hutsak balio izango liekeela Gazpromi prezioak jaisteko presio egin ahal izateko.

Nolanahi ere, Obamak ohartarazi du non dagoen zailtasuna: "Merkataritza akordioarekin, errazagoa litzaiguke Europara gasa esportatzea". Hain zuzen, Brusela eta Washington erdi sekretuan ari dira negoziatzen merkataritza eremu aske bat sortzeko aukera, eta itun horren barnean sartu nahi luke Etxe Zuriak EBra gasa esportatzeko aukera. Baina AEBetan ere denak ez datoz bat, ingurumen taldeak eta hainbat industria esportazioaren kontra daude. Azken horiek, energia merkea izatearen lehiakortasun abantaila txikituko litzaiekeela uste dutelako.

Europan dagoeneko badago GNL terminal sare bat. Normalean itsasontzietan iristen da gas natural likidoa kontinentera, Afrika iparraldetik zein Europako hainbat tokitatik. Norvegiatik, adibidez. Portuan jasotako gas likidoa lurrez garraiatu daiteke gasbideen bitartez. Bilboko Portuan, esaterako, badago GNL terminal bat. EBko zortzi estatuk dituzte GNL portuak, eta Erresuma Batua eta Espainia dira gehien dituztenak.

‘Fracking’-a

Europako Batzordeak aitortu arren GNLren esportazioaz berba egiten ari dela AEBekin, zalantzazkoa da ekonomikoki komenigarri litzaiokeen EBri, eta aditu askok energia hornidura gehiago dibertsifikatzeko eskatu dute. Ian Bond CER Europako Erreformarako Zentroko kideak adibidez: "Qatar eta Aljeriako GNLari ere ondo begiratu behar zaio. Eta beharbada, epe luzera, Alemania konbentzitu behar litzateke energia nuklearrera bueltatu dadin. Horrek nabarmen murriztuko luke Errusiako gasarekiko menpekotasuna".

Izan ere, energia baliabideak EBn bertan sortzea eta ustiatzea litzateke beste aukera bat, Bruselan indarra hartzen ari dena. Energia nuklearraz gain, fracking-aren aukera ari da indartzen orain. Lurpeko gasa haustura hidraulikoaren bidez eskuratzeko teknika da, eta arriskutsua izan daiteke bai ingurumenerako bai herritarren osasunerako. Baina energia eskuratzeko aukera gisa ikusi dute EBko estatu askok, eta fracking-a onartuta dago dagoeneko herrialde gehienetan. Bulgarian, Frantzian, Herbehereetan, Luxenburgon eta Txekian baino ez dago debekatuta. Araban, esaterako, bizi-bizi dago fracking-aren aukera, eta kontrako herri mugimendu indartsu bat dauka.

Dena dela, fracking-aren aukerarekin ere, estatu bakoitza bere bidetik doa, EBk ez baitu onartu energia hornidurarako sistema horri buruzko irizpide orokorrik.

Interes gurutzatuak

Bruselak, beraz, ez du gaur-gaurkoz soluzio globalik eman, eta baditu hori egitea zailtzen dioten bi elementu: batetik, estatu kide batzuen eta besteen interes kontrajarriak, eta, bestetik, EBk berak Errusiarekin duen harreman ekonomikoa hausteko beldurra.

Berlinek interes handia du Errusiako gasak ondo funtziona dezan. Ez bakarrik Errusiari gas gehien erosten dion EBko kidea delako, Gazpromen interes ekonomikoak dituelako baizik. Gasa Siberiatik zuzenean jasotzeko gasbidea eraiki zutenean, Nordstreameko kontseiluan Alemaniako bi konpainia, Frantziako bat eta Herbehereetako bat sartu ziren Gazpromekin batera. Bestetik, BP britainiarra bigarren akziodun nagusia da Rosneft petrolio konpainian —Errusiako konpainia handienetan bigarrena da—.

Hori gutxi balitz, harreman ekonomiko estua dute Bruselak eta Moskuk. EBren merkataritza kide handienen artean hirugarrena da Mosku (Txina eta AEBen atzetik). Eta Moskuk EBtik jasotzen ditu atzerriko zuzeneko inbertsioen %75. Gainera, Errusiako aurrekontuen ia erdia petrolio eta gasaren irabaziekin ordaintzen du. Interdependentzia ekonomiko hain sendoek zaildu egiten dute Errusiarekiko energia menpekotasuna haustea.

Gainera, EBk gasarekiko duen menpekotasuna hazi egin daiteke epe luzean. Batez ere, ekoizpen propioaren beherakadagatik. Errusiatik, AEBetatik ala munduko beste edozein bazterretatik etorri, Europak gasa erosteko izango duen menpekotasuna %45etik %60ra igoko da 2025erako, Exxon Mobil AEBetako petrolio konpainiaren ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.