Ertzaintzak egindako «kontrapikete» lana salatu du gehiengo sindikalak

Etxez etxeko langileak haserre daude, pentsioen erreforman ez delako ezer esan haiei buruz

Ertzainak, Gasteizen, greba orokorraren harira egindako manifestazioan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Joan den ostegunean egindako greba orokorrean Ertzaintzak Gasteizen izandako jarrera salatu du gehiengo sindikalak. Pentsioen erreformaren aurkako protestan, gutxienez bi aldiz oldartu zitzaiela azaldu du, eta hainbat eta hainbat pertsona zauritu zituela. Horrez gain, beste pertsona bat atxilotu, jipoitu eta polizia etxera eraman zuten. «Jendearen defentsan jardun beharrean, kontrapikete bat izan zen momentu denean», esan dute langileen ordezkariek.

Boulevard merkataritza zentroan gertatutakoa nabarmendu dute. Gehiengo sindikalaren esanetan, ertzainek jarrera «oldarkor, gehiegizko eta bortitza» izan zuten. «Ehunka pertsonaren aurka kargatu zuten, 10:00etarako, saltokia irekitzen duten ordurako, denak bidaltzeko. Asko bortizki jipoitu zituzten».

Eguerdiko manifestazioan ere «jarrera ez profesionala, axolagabea eta kriminala» izan zutela gaineratu dute. «Inolako probokaziok ezin du arrazoitu pertsona nagusi eta ume asko zeuden 20.000 pertsonako manifestazioan inolako kontrolik gabe oldartzea». Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuari gertatutako argitzeko, arduradunak aurkitzeko eta etorkizunera begira jarduera irizpideak aldatzeko eskatu diote langileen ordezkariek.

Erregimen orokor eskaera

Pentsioen erreforma izan dute hizpide etxez etxeko langileek ere. Bilbon egindako agerraldian, etxeko langileen erregimena desagerrarazteko eskatu dute, eta sektoreko langileak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrera pasatzeko. «Beste behin ere alde batera utzi dute integrazio hori. Espainiako Gobernuak eta CCOOk eta UGTk behin eta berriz aitortzen digute eskubide hori, baina gero inoiz ez dute aurkitzen aurrera eramateko momentua».

Frankismo garaikoa da etxez etxeko langileen erregimena, eta baldintza «lotsagarriak» dituela gaitzetsi dute langileek. Hemezortzi orduan baino gutxiagoan lan eginez gero, ez dute Gizarte Segurantzan izena emanda egoteko eskubiderik; ez dute langabezia saririk; etxe bat baino gehiagoan lan eginez gero, langileek eurek ordaindu behar izaten dute Gizarte Segurantza; eta ez dago gaixoaldiei edo lan istripuei dagokien pentsiorik.

INE Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, 193.514 etxez etxeko langile daude Hego Euskal Herrian. Horietatik gehienak atzerritarrak eta emakumeak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.