“Ezberdintasun soziala gero eta handiagoa da, batez ere kolektibo batzuen kasuan: emakumeak, pentsiodunak, gazteak eta etorkinak”. Kezka azaldu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, eta adierazi “gobernuaren helburua izan beharko lukeela herritar guztiei bizitza duin bat bermatzea”. Hori horrela izan ezean herri bat ez delako duina haren ustez, eta “ezin delako herri hori eredu bezala aurkeztu”.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak herri ekinaldi legegile bat aurkezteko bidea abiatu du ekainean, “eztabaida ekonomiko eta soziala beharrezkoa delako, eta hori egiten ez bada eztabaida politikoa hanka motz geratzeko baita”. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak esan du gizartean kezka handia dagoela arlo sozialari buruz, eta Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio murrizketen ildoa bazter dezan. “Eskaera Jaurlaritzari eta ogasunei egiten diegu, propaganda besterik ez baitute egiten, baina begiratu besterik ez dago etxebizitzaren arloan daukaten politika: 2008. urteko aurrekontuekin alderatuz gero, egun 90 milioi gutxiago inbertitzen dute arlo horretan”. Eta beste horrenbeste gertatzen da diru sarrerak bermatzeko errentarekin: “[Patxi] Lopezen gobernuak murrizketak egin zituen, eta Urkulluk berdin jarraitu du”. Egoera hori errepika ez dadin, herritarrei mobilizatzeko deia egin die Muñozek, eta ekinaldi legegilean sina dezala eskatu du.
Bide hori garrantzitsua dela berretsi du Aranburuk, eta iraganeko adibidea jarri du horretarako. Gogora ekarri du 1998 eta 1999. urteen artean nola egin ziren hainbat mobilizazio gutxieneko soldata sozial bat eskatzeko, tartean baita greba bat ere. “Horrek posible egin zuen egun daukagun DSBE arautua izatea; bere garaian deskafeinatu egin zen proposamena, eta guretzat gutxiegi izan zen, eta, ondoren hainbat murrizketa egin diren arren, garbi erakusten du horrek mobilizazioa dela bidea”.
Herri ekinaldi legegilea abiatzeko garaian, Nafarroako Gobernua kritikatu du Aranburuk. Izan ere, Geroa Bairen eskutik ekinaldia bera tramitatzea oztopatu duela salatu du, “eta horren aitzakia modura aurrekontuetan eragina izango duela azaldu dute”. Arrazoi hori aitzakia bat dela azaldu du LABeko idazkari nagusiak, “denak daukalako eragina aurrekontuetan”. Gogora ekarri du egungo legeen barruan bestelako politika sozial batzuk egiteko bidea badagoela, eta aukera badagoela baliabide ekonomiko gehiago horretara bideratzeko. “Horregatik, eztabaida bera ukatzea larria iruditzen zaigu, eta mobilizatzen jarraituko dugu”.