Eskudirutan 2.500 eurotik gora pagatzea debekatu du Madrilek

Zerga iruzurraren aurka egiteko, atzerriko diru kontuak eta ondarea aitortu beharko dute zergadunek

Erredakzioa
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Atzerrian edo Espainian diru beltza ezkutatzen dutenei amnistia ematearekin batera, zerga iruzurraren aurka egiteko zenbait neurri indarrean jarri ditu Espainiako Gobernuak. Horien artean deigarriena da 2.500 eurotik gorako ordainketak ezingo direla eskudirutan egin, salerosketan parte hartzen duenetako bat gutxienez enpresa bat edo langile autonomo bat bada.

Ordainketa handi guztiak bankuen edo txartelen bidez eginda BEZa ez pagatzea zailagoa dela uste du Espainiako Ogasunak. Atzemandako operazioaren %25ko isuna ordainduko dute erdibana erosleak eta saltzaileak. Atzerritarrei 15.000 euroko muga jarri diete, turismoari kalte ez egiteko. Printzipioz, neurri horrek Hego Euskal Herrian eragin zuzena izan beharko ez lukeen arren, ez da baztertu behar Nafarroako Gobernuak eta diputazioek bere egitea.

Ikusteko dago ere zer gertatuko den Espainiako Gobernuak atzo onartutako beste neurriekin ere. Haien artean dago ustezko iruzurgileen ondasunak behin-behinean bahitzea. «Horrela eragotzi nahi dugu auzibidearen ondoren ezer ez aurkitzea ondasunak desagertu direlako eta elkartea desagertu egin delako», azaldu du Cristobal Montoro Ogasun ministroak. Prozesu luzeen ondorio kaltegarriak eragozte aldera ere, Espainiako Ogasunak iraungitze datarik ez die jarriko aitortu gabeko errentei; aurkitzen diren errenta ezkutuak iraungi ez duen azken urtera batuko dira. Gaur egun, 6.000 milioi euroko isunak eragin ditzaketen dosierrak daude zabalik.

Aurrerantzean, atzerrian dituzten kontuak eta ondasunak aitortu beharko dituzte herritarrek zein enpresek. Errenta zerga moduloka pagatzeko eskubiderik ez dute izango beren fakturazioaren %50 baino gutxiago herritar arruntekin egiten dituzten enpresek eta profesionalek. Ogasuneko ikerketa trabatzeagatik ezartzen den zigorra ere handitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.