Makroekonomia

Eskulangintzak eutsi dio

Eustatek berretsi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %3,1 hazi zela lehen hiruhilekoan. Urte batetik bestera 20.000 lanpostu garbi sortu dira.

Eskulangintzak bultzatu du ekonomiaren hazkundea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Irudian, Haizea Wind lantegi berria, Zierbenan (Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 25a
12:16
Entzun

Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek, urteko lehen hiruhilekoari dagozkion kontu ekonomikoen xehetasunak argitaratu ditu gaur goizean. Orain dela hilabete eman zuen aurrerapenaren emaitza berretsi du: urte batetik bestera %3,1 handitu da BPG barne produktu gordina, aurreko hiruhilekoan izandako emaitza bera, eta hiruhileko batetik bestera %0,8 izan da igoera, hamarren bat gehiago.

Eskaintzaren ikuspuntutik, eskulangintzak indartsu ekin dio urte hasierari. Urte arteko tasan %3,9 handitu da urtarriletik martxora, beste edozein sektorek eta azpisektorek baino hazkunde handiagoa izanik. Hiruhileko arteko tasan txikiagoa da emaitza (%0,5), baina kontuan hartu behar da industriak eta energiak, baturik, emaitza negatiboa izan dutela.

Zerbitzuek eutsi egin diote erritmoari. Urte arteko tasan %3,1 handitu da aberastasunari egiten dioten ekarpena. Zerbitzu publikoen bultzada bi hamarren txikiagoa izan da, %2,9. Hiruhileko batetik bestera %1,8 igo da hirugarren sektorea, beste guztien gainetik, eta administrazioen bultzada izan da adierazgarriena. Eraikuntzak hazkunde positiboarekin jarraitu du urte arteko tasan, baina beherakada izan du hiruhileko batetik bestera. Joan den urtean ere gertatu zen, eta negu gordinarekin izan dezake zerikusia.

Eskaerari dagokionez, barne eskaeran oinarrituta dago hazkundea. Urte batetik bestera kontsumoa %2,8 igo da, eta inbertsioari lotutako kapital eraketa gordina, berriz, %3,7. Adierazgarria da ekipo ondasunetan izandago hazkundea (%4,8), azken urte erta erdiko indartsuena. Esportazioek errekorrak gainditzen jarraitu dute urte hasieran, eta hamarren bat gehitu diote BPGari.

Hazkundearen eskutik enplegu sorrerak jarraitu du. Eustatek egindako neurketaren arabera, urtarriletik martxora 4.500 lanpostu garbi sortu dira, enplegua lanaldi osoko lanpostuetan neurtuta. Urte batetik bestera 20.300 gehiago izan dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak 947.600 lanpostu ditu uneotan, oraindik ere krisia hasi zenean baino 57.000 gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.