Bergarako udaletxeko batzar aretoan egin dute bilera, eta aldundiko ordezkari Pedro Iturbek eta Agurne Barrusok aholkularitza teknikoa egin duten arduradunekin batera azaldu dute Luxenburgeko Optimize enpresaren proiektua.
Eskuterren ekoizpenean datza proiektu hori. Eskuter hauek motore elektrikokoak dira, 800 eta 1.000 watteko indarrekoak; 95 kilometroko autonomia dute, eta 3-6 ordutan kargatzen dira. 50 zentilitroko potentzia dute, eta apenas behar duten mantentze lanik.
Eskuter elektrikoaren prototipoek legezko proba guztiak gainditu dituzte. Europako Batasuneko araudiak homologatuta dauzka, eta, Candyko zuzendaritzak eta langileek oniritzia emanez gero, proiektuaren hasiera berehalakoa litzateke. Eskuterraren ekoizpena Candyko langileen kualifikazioari egokitzen zaio teknikarien arabera.
Enpresak, gainera, luze gabe eskuter elektriko horren beste modelo batzuk garatzea espero du.
Iturbek eta Barrusok langileei adierazi diete proiektuaren lehen xehetasunak direla horiek. Hala ere, Candy berrindustrializatzeko ekimenaren garrantzia kontuan hartuta, eta Europan halakorik topatzeko izan den epealdi laburra kontuan hartuta, aldundiak langileei eskatu die bideragarritasun finantzarioa aztertzeko beta handiagoa behar duela. Hala azaldu du ahaldun nagusiaren kabinete buru Barrusok: “Ez dugu nahi presagatik tamaina honetako proiektu bat ezerezean gelditzea; horregatik, azterketa sakonagoak egin nahi ditugu, epe ertain eta luzeagoan ekoizpen honen bideragarritasun ekonomikoa ziurtatu nahi dugulako, ez baitugu jolastu nahi hamarnaka familiaren etorkizunarekin”.