Esmaltaciones San Ignaciok likidatzeko eskaera aurkeztu du

Oporretatik bueltan lantokiko atea itxita topatu dute langileek; zuzendaritzak orduan jakinarazi die enpresa ixteko asmoa duelaEpaileak enpresaren eskaera onartuko balu, kalean geratuko lirateke 89 langileak

Esmaltaciones San Ignaciok Gasteizko Jundiz industrialdean duen lantegia. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio enpresa azkenetan dago, haren jabeek jarduera eten eta negozioa likidatzeko eskaera aurkeztu baitute langileak oporretan zirela. Jakina zen sukaldeko tresneria fabrikatzen duen enpresak arazoak zituela, maiatzaz geroztik lana erregulatzeko dosier baten mende zeudelako 89 beharginak: soilik astean hiru egunez lan egiten zuten —astelehenetik asteazkenera—, enpresak ez zuelako lehengaiak ordaintzeko dirurik. Udako oporretatik bueltan lantokiko ateak itxita topatzerik, ordea, inork ez zuen espero.

Horregatik, sekulako ezustekoa hartu zuten atzo, lantegira joan eta atean zeuden segurtasun zaindariek sartzea galarazi zietenean. Itxura denez, joan den astean enpresak jakinarazpen bat igorri zien haietako zenbaiti, astelehenean lanera ez zitezela joan eskatzeko. Santi Diaz de Espada LABeko ordezkariaren arabera, «oporretan jarraitzeko» eskatzen zieten fax hartan, lanik ez zegoela arrazoituta. «Gutun komertzial bat bidali zieten, enpresaren eslogana eta guzti: Esmaltacionesek zure bizitza konpontzen dizu. Langileei iseka egiten ari direla dirudi».

Hala ere, langileak lanera joan ziren atzo, batzuek ez zekitelako ezer eta besteek zer gertatzen zen jakin nahi zutelako. Ateak itxita topatu zituztenean, langileen ordezkariek biltzea eskatu zioten zuzendaritzari. Orduan jakinarazi zien enpresak negozioa likidatzeko eskaera aurkeztu duela. Epaileak eskaera onartzen badu, enpresa itxi egingo dute, eta kalean geratuko dira 89 langileak.

Langileak, «engainatuta»

UGTko bozeramaile baten arabera, orain, «ustez, ordaindutako oporraldian» aurkitzen dira langileak. Kontuan izatekoa da, ordea, uztaileko soldataren bi heren eta abuztuko soldata osoa kobratzeke dutela oraindik. Hori hala, enpresari likidazio eskaera atzera botatzeko eta jarduerari eta lanpostuei eusteko neurriak langileekin negoziatzeko eskatu zion sindikatuak.

Diaz de Espadaren esanetan, erregulazioa tarteko, ostegun eta ostiraletan langileak ez ziren lanera joaten, baina gainontzean enpresa «normal-normal» ekoizten ari zen. «Hau engainu bat da», adierazi zuen; «aldi batez lana erregulatzeko neurriak hartzen badituzu, enpresa bideragarria dela uste duzulako da, eta erregulazioa laguntza gisa ikusten duzulako».

Francisco Antunez UGT-Euskadiko metaleko federazioko ekintza sindikaleko idazkariaren hitzetan, «enpresak errespetatu beharra dauzka indarrean dagoen erregulazioa eta abenduaren 31ra arteko iraupena duen lan ituna, eta jarduerari eutsi beharra dauka, enplegua eta etorkizuna ziurtatzeko». Gainera, gogorarazi zuen Esmaltaciones San Ignaciok administrazioaren laguntzak jaso izan dituela eta talde bereko beste enpesa batzuk irabaziak poltsikoratzen ari direla. «Horregatik, jarduerari eta 89 lanpostuei eustea bermatzeko moduko bideragarritasun plan bat exijitzeko moduan gaude».

Esmaltaciones San Ignaciok duela sei urte itxi zuen Gasteizko Olarizu auzoan zuen lantegia, Jundiz industrialdeko fabrika berrira joateko. Olarizun etxebizitzak eraiki behar zituztelako lekualdatu zuten lantokia, eta, trukean, 20 milioi euro eman zizkion enpresa sustatzaileak. 16 milioi euro lantegi berrian inbertitu zituen, eta beste lau milioi euroak Arabako Foru Aldundiarekin zeukan zor fiskala kitatzeko erabili zituen. Enpresak Jundizko lantegira lantalde osoa eramango zuela agindu zien sindikatuei, 330 langile hain zuzen. Azkenean, ordea, 270 lagun baino ez zituen eraman. Gaur egun, 89 langile baino ez ditu enpresak, eta haien guztien etorkizuna ere kolokan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.