Hamargarren greba eguna zuten atzo behi esne ekoizleek. Behi esnea prezio apalegian erosten dietelako kexu dira ekoizleak. Ipar Euskal Herriko berrehun bat laborari Makean (Lapurdi) bildu ziren atzo goizean, Berria esne kooperatibaren aitzinean. Ipar Euskal Herriko esne biltegirik handienetarikoa da; bertan Onetik markako gasna ekoizten dute,baita Basquilait markako edateko esnea ere. Esnea zekarten kamioiei bidea moztu zieten ekoizleek. Europako beste esnetegien aitzinean ere izan ziren gisa horretako mobilizazio eta ekintzak, atzokoa Europako mobilizazio eguna baitzuten behi esne ekoizleek.
European Milk Board (EMB) erakundeak ekintza ikusgarria egin zuen Bruselan, sua eta esnearekin. Behi esnearen prezio apalegiaren kontrako protesta bat gehiago izan zen. Esne ekoizleek eta EMBk esne produkzioa berehala mugatzea aldarrikatzen dute. Eskaera hori Jose Manuel Barroso Europako Batzordeko lehendakariarengana helarazi nahi izan zuten atzo, Jean-Claude Thibault eurodiputatuaren bidez. «Barrosok esne ekoizleen protestak adi jarraitzen ditu. Egoera larria dela onartu du, eta bere eragina erabiliko du», erran zuen atzo Jean-Claude Thibaultek.
Oraingoz, prezio apalegia estaltzeko kalte ordain edo diru laguntzak aipatu ditu Frantziako Gobernuak. Bankuekin, eta Laborantza Gizarte Mutuarekin biltzekoak ziren atzo, «elkartasun» neurri batzuez pentsatzeko. Laborariek erantzun dute ez dutela horrelako neurriekin aski izanen. Laborantza politika bera da aldarazi nahi dutena.
Greban diren laborariek argi utzi nahi izan dute ekoizpen kopurua mugatuko ez den bitartean, ez dela aterabiderik izanen. Eta hori lortzea posible izan daitekeela diote, nahiz eta Europako Batzordeak ez duen kuotak kentzeko erabakian atzera egiteko asmorik agertzen. Laborarien ustez, agintariei gutxi falta zaie egoera desblokeatzeko behar diren erabakiak hartzeko, behi esnearekin produktuak ekoizten dituzten industrien egoera ere larritzen ari baita. Oraino zenbait egunez irauteko borondatea agertu dute Makean bilduak ziren laborariek.
Gero eta gehiago dira greban sartzen ari diren laborariak, EMBren arabera. Ipar Euskal Herrian, gehienbat ELBko kideak ari dira greban, baina, azkenaldian, FDSEAko kide batzuk ere grebari lotu zaizkio, haien sindikatua grebaren aurka bada ere. Batzuek iragarri dute FDSEA utzi dutela, sindikatuak greba horrekiko duen jarrera dela eta.
Bruno Le Maireren etxean
Bestalde, joan den larunbatean, laborariak Senperen (Lapurdi) izan ziren, Bruno Le Maire Frantziako Laborantza Ministroaren bigarren etxean. Senpereko auzapezaren eta zinegotzien sostengua ukan zuten. Esne ekoizleek, aitzineko egunetan beste leku batzuetan egin zuten bezala, esnea doan banatu zuten.
Ostiralean, aldiz, «egun zuriaren» barnean, ehunka litro esne isuri zituzten Bardozeko (Lapurdi) pentze batean. Joan den astean, Baionan izan ziren, halaber, jendeari esnea doan ematen. Greba mugimenduak oraino zenbait egun irauten badu, gaur eta hurrengo egunetan ere antzeko ekintza batzuk izanen dira.
Esne ekoizleek Makeako Berria kooperatibako bidea itxi diete esne garraiolariei
Europa osoan hainbat ekintza egin dituzte greban dauden ekoizleek, esnearen prezio apala salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu