Aurtengo estreinako entzierroa egin dute jadanik Iruñean. Entzierro berezia inondik ere, zezenen lekua behiek hartu baitzuten atzo, EHNE nekazari sindikatuaren ekimenez. Esnearen alorra «pairatzen ari den egoera larria» salatzeko ekitaldia izan zen, umoretsua bezain errebindikatiboa. Esnearekin diharduten nekazari nafarrek «jatorrizko salneurri duinak» galdegin zituzten. «Krisia gogor jotzen ari zaie esnearekin diharduten nekazari guztiei». Sindikatuak emandako datuen arabera, 240 nekazarik dihardute Nafarroan esnearen sektorean.
Esne behien negozioa kudeatzen dutenen arazoa aspaldikoa da. Jatorrian ez dute lortzen beharko luketen salneurria jarduera bideragarri izan dadin. Hala salatu zuen EHNEko kide Mariado Iturraldek. «Beste herrialdeetako esne soberakinek, krisiak eragindako kontsumoaren beherakadak eta zentralek alorrari egiten dioten presio handiak eragin dute egoera hau». Egoera beltza zinez; «ekoitzitako esne litro bakoitzeko, 0,03 euro galtzen du nekazariak».
Jarduera uzteko arriskua
Gaur egun jatorrizko esne litro bakoitzeko 0,30 euro ordaintzen dizkiete nekazariei, baina EHNEren arabera, produkzio kostea 0,42 eurokoa da. Hala, jarduera erabateko arriskuan dago, Mariado Iturralderen ustez. «Kopuru horiek horrela izanda, laster ez da esnearekin aritu nahiko duen nekazaririk egongo».
Produkzio kosteak behera egin duela eta -iaztik 0,04 euro batez beste-, zentralak jatorrizko esne litroaren salneurria jaisten ari direla dio EHNEk. «Zentral nagusi batek 0,33 ordaintzen zuen martxoan, eta apiriletik aurrera 0,29 ordaintzen ari da».
Behera egiten jarraituz gero, jatorrizko esne litroaren salneurria 0,17 euro inguru izateko «arrisku handia dago». «Europako hainbat lekutan dagoeneko gertatzen ari da; adibidez, Alemanian». Horrek guztiak, egungo nekazaritza politika «ezbaian jartzera» eraman beharko lituzke Europako Batasuneko estatuak, «martxa honetan ez baita nekazari bakar bat ere geratuko».
Esnearen alorraren «egoera larria» salatu dute Iruñean, behi entzierro batekin
EHNEko kideek Santo Domingotik zezen plazara eraman dute ganadua, «salneurri duinak» galdegiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu