Espainiako Gobernuak defizita murriztekomugak igotzeko eskatuko dio Europako Batasunari. Aukera horri buruz galdetuta, Luis de Guindos Ekonomia ministroak «oraindik ez» erantzun zuen atzo TVE Espainiako telebista publikoan. Zehaztu zuen defizitaren mugak aldatzea eta negoziatzea eskatu aurretik Europako Batasunaren hazkunde aurreikuspen eguneratuak jakin behar dituztela. Orduan hasiko direla negoziatzen.
Defizita murrizteko konpromisoak hitzartu zituztenean %2ko hazkundea espero zuten aurten Espainiarentzat. Orain, ordea, erakunde guztiek atzeraldi gogorra espero dute. Hazkunde faltak eta murrizketek ez dute ekonomia suspertuko eta ez dituzte diru sarrerak handituko.
Espainiak Europan hitzartutako konpromisoen arabera, barne produktu gordinaren (BPG) %6ko defizit publikoarekin amaitu behar zuen iazko urtea. %8koarekin amaitu zuen, bi puntu gehiago. Berez, aurten defizit publikoa %4,4ra murriztu behar du, hau da, 3,6 puntu puntu gutxiago. Defizit publikoaren puntu bakoitzari 10.000 milioi euro inguru dagozkio. Nazioarteko Diru Funtsaren herenegungo aurreikuspenen arabera, Espainiak %6ko defizit publikoa izango du 2014 arte, %6,8koa aurten.
Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak eta Soraya Saenz de Santamariak esaten dute Espainiak ezarritako helburuak beteko dituela. Ez dute zehaztu nola. Murrizketa gehiago egingo dituztela aipatu zuen Raxoik herenegun Portugalen.
Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoen defizita kontrolatu nahi du. De Guindosentzat, «perfektua» litzateke autonomia erkidegoen aurrekontuak hiru hilean behin kontrolatu ahal izatea.
Akordioa Madrilen
Lan merkatuaren erreforma izango da Espainiako Gobernuaren erreforma nagusietako bat. Espainiako CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta CEPYME patronalek akordioa lortu dute, datozen hiru urteetan langileen soldata igoerak asko mugatzeko —inflazioaren azpitik— eta enpresaburuei malgutasun eta salbuespen gehiago eskaintzeko.
Sindikatuetako eta patronaletako arduradunek atzo sinatu zuten akordioa. Candido Mendez Espainiako UGTko idazkari nagusiaren iritziz, sindikatuek «erantzukizunez» jokatu dute. Ignacio Fernandez Toxo CCOOkoak nabarmendu zuen soldaten mugek «gogorrak diruditen arren», enpresaburuei tresnak eskaini dizkietela krisira egokitzeko eta langileak ez kaleratzeko.
SEA Arabako Enpresaburuen Elkarteak esan du Madrilen hitzartutakoa bultzatu nahi duela Arabako negoziazioetan. SEArentzat, akordioa «aurrerapausoa» da, eta aztertu egingo du nola txerta dezakeen Araban negoziatzen ari diren lan itunetan.
Espainia, atzerapen eske
Aurten defizitaren %4,4ko muga betetzea ia ezinezkoa izango du, eta gobernuak negoziatu egin nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu