Espainia erreserbak erabiltzen ari da pentsioetarako

Ia bukatu du Gizarte Segurantzako Prebentzio Funtsa, eta ez du baztertu Erreserba Funtsa erabiltzea

Erredakzioa
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Gero eta langabe gehiago; beraz, gero eta langabezia sari gehiago ordaindu behar. Gero eta langile gutxiago Gizarte Segurantzan izena emanda; beraz, gero eta jende gutxiago pentsioak ordaintzeko. Inflazioa urte hasieran aurreikusitakoa ia halako hiru; beraz, pentsioak eguneratzeko dirutza ordaindu beharra. Espainiako Gobernua Gizarte Segurantzako Prebentzio Funtsa erabiltzen ari da pentsioak ordaintzeko, eta ez du baztertu etorkizunean Erreserba Funtsa erabiltzea.

Espainiako Gobernua hasi da Gizarte Segurantzaren erreserbak erabiltzen. Prebentzio Funtsa ia amaitu du: uztailean funts horretako 4.400 milioi euro erabili zituen pentsioak ordaintzeko, eta 400 milioi euro inguru geratzen zaizkio. Lan istripuen eta lan gaixotasunen mutualitateen soberakinekin osatzen dute Prebentzio Funtsa.

Tomas Burgos Gizarte Segurantzako estatu idazkariak atzo esan zuen «tresna guztiak» erabiliko dituztela etorkizunean pentsioak ordaintzeko. Gehitu zuen Gizarte Segurantzako Erreserba Funtsa tresna bat dela. Apirilean Burgosek esan zuten ez zutela espero funtsa baliatzea. Funtsak 67.000 milioi euro dauzka.

Espainiako Gobernuak arazoak izango ditu urte amaieran pentsioak eguneratzeko; hau da, pentsiodunen ordaina inflazioaren igoerara egokitzeko. Urte hasieran %1eko inflazioaren arabera ordaindu zien; uztailean, ordea, %2,7 izan da, erregaien prezioak garestitu direlako batez ere. Horri gehitu egin behar zaio BEZaren igoerak irailetik aurrera eragingo duen prezioen garestitzea. Urte amaierako inflazioa %3 inguru bada, Espainiako Gobernuak 4.000 milioi euro inguru beharko ditu pentsioak prezioen igoerara egokitzeko.

67.000 milioi, zor publikoan

Erreserba Funtsa 2000. urtean hasi zen dirua biltzen. 67.000 milioi euro dauzka, baina ia gehiena zor publikoan inbertituta; utzita, alegia: hamar eurotik bederatzi Espainiaren zorretan inbertitu du, eta hamar eurotik bat Espainiatik kanpokoan —Alemaniakoa, Frantziakoa eta Herbehereetakoa, batez ere—. Dirua behar badu, beraz, zor hori saldu egin beharko du. Espainiako Estatuaren zorra da, Espainiak bueltatzeko zailtasunak dituena.

Burgosek baztertu egin du erretiro adin ofiziala 65 urtetik 67ra luzatzeko prozesua azkartzea. Europako Batzordeak gomendatu zion. Berez, prozesua 2013an hasi eta 2027an amaituko da. Burgosek baieztatu zuen langileen benetako erretiro adina atzeratuko dutela, erretiro aurreratuak mugatuta eta erretiroa atzeratzea sustatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.