Gaur The Daily Telegraph egunkariak argitaratu duenez, Europako herrialdeek Espainia eta Italia erreskatatzea adostu dute 750.000 milioi euro erabiliz. Erreskatea ez litzateke egingo zuzenean dirua utziz, herrialde horietako zorra erosiz baizik. Horretarako bi funts erabiliko lirateke, Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsa (FEEF) eta Egonkortasunerako Europako Mekanismoa (ESM).
The Guardian egunkariak ere antzeko erabaki bat egongo dela iradoki du eta G20ko bilkuran AEBek Alemaniari egindako presioaren ondorio litzateke.
Atzo bukatu zen G20 taldeko herrialdeek Mexikon egin duten goi bilkura. Herrialdeek Eurogunearen "osotasun eta egonkortasuna gordetzeko beharrezko neurri guztiak" hartzeko konpromisoa erakutsi dute. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak bitartean ukatu egin du G20ren bileran presioak jaso dituela bankuak erreskatatzeko plana lehenbailehen eskatzeko eta neurriak argitzeko. Era berean, ukatu egin du bigarren erreskate bat eskatzeko aukeraz hitz egin dutela.