Ekonomia

Espainia eta Portugal zigortzearen alde bozkatu du Ecofinek

Euroguneko kideek aho batez esan dute ez dituztela neurriak hartu defizita bridatzeko. Ikusteko dago zigorra benetan ordainaraziko dieten, edo zero eurokoa izango den. Negoziaketak hasiko dira orain zenbateko hori zehazteko.

xabier martin
2016ko uztailaren 12a
07:26
Entzun

Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak «gero eta argiago» ikusten du euroguneko finantza ministroek praktikan ez dutela zigortuko Espainia, nahiz eta prozesua abiatu den. Dagoeneko ez du esaten hitz horiekin ez dutela zigortuko, isuna ez dela egongo alegia, baina bai isun hori «zero euro» izango dela. Berlin Madrilen alde dagoela aditzera ematen ari da de Guindos, baina ikusteko dago zein den aurreko astean defizit helburua urratzeagatik Europako Batzordeak zabaldutako zigor prozesuaren amaiera. Mehatxua ez da txantxetakoa, kasurik okerrenean 2.000 milioi euroko isunari aurre egin beharko liokeelako Espainiak. Mariano Rajoy sinetsita dago, ordea, sinbolikoa izango dela isuna, nahiz eta aldi baterako Europako egiturazko funtsik gabe gelditu.

Atzoko eurotaldeak, ordea, garbi utzi zuen zigorra egon egongo dela, eta halaxe bete da, gaur egin duten bozketarekin. Zigorraren neurria aurrerago ikusiko da; «dramarik» ez dela egongo zioten zenbait iturrik, eta kideek aho batez bozkatu dute gaur isunaren alde. Egoera ez da erraza. Batetik, Espainia dago, Alemaniaren ikasle aurreratua austeritatearen formulan eta erreforma mingarrietan; azken urtean politika hori malgutu egin du, hauteskundeen gertutasunaren eraginez; Batzordeak berak aurreko ostegunean azaldu zuen bekatua. Rajoy Merkelen begikoa da, ordea. Bestetik, Portugal dago, ezkerreko hiruko batek sostengatzen duen gobernuarekin. Lisboak oso bestelako jarrera hartu du isunaren aurrean Madril otzanarekin alderatuz gero. Adierazpen gatazkatsuagoak egin ditu, eta Mario Centeno Finantza ministroa Portugalen bufandarekin agertu bazen ere —futboleko Eurokopa irabazi berritan—, tentsioa bazen atzo Eurotaldean, baita Michael Sapin Frantziako ministroa besarkatu zuenean ere —Frantziak galdu zuen finala—.

Hau ez da futbola

Baina hau ez da futbola, eta gaurko Ecofinen bileran Portugalek galdu egin du. Aurretik esanda doa: Espainia ere galtzekoa da; galera nola kudeatzen den da gakoa. Ecofinek zigorrarekin aurrera egitea babestu du, eta Batzordeak hilaren 27an ezagutaraziko du isunaren mamia, Madrilen eta Lisboaren helegiteak jaso eta aztertu ondoren. Ostean, beste hamar egun egongo dira Ecofinek berriro Batzordeak proposatutakoa onar dezan edo atzera bota dezan. Ordurako Espainiaren eta Portugalen patuak desberdinak direla ikus daiteke. Edo ez. Herbehereak eta Finlandia, adibidez, isunen aldekoak izatea espero da, baina Merkelen baimenik gabe ez dute zarata handirik aterako. Frantzia eta Italia ez dira Madril gehiago estutzearen aldekoak, etorkizun hurbilean beraiek defizita betetzen ez dutenen akusatuen aulkian egon daitezkeelako.

«Testuinguru ekonomikoa eta politikoa» aintzat hartzearen aldekoa da Ecofineko presidente Peter Kazimir eslovakiarra. Politikoa ere bai. Ez dela gauza bera Rajoy zigortzea eta Portugalgo hiru alderdi ezkertiarren gobernua zigortzea. Jeroen Dijsselbloen Eurotaldeko presidenteak, hala ere, ez du inor nahasi nahi: defizit publikoa gutxitzeko neurriak hartzeko konpromisoa eskatu zien Espainiari eta Portugali. «Horren alde zenbat eta gehiago egin, orduan eta errazagoa izango da hau Batzordearentzat».

Murrizketen itzala

Bat dela isuna, eta bestea, defizit helburuekin betetzeko egin beharko diren murrizketak. Murrizketaz baitatoz berriro. 8.000 milioi euro ingururenak Madrilentzat, defizitarekin betetzen hasiko bada. «Zeroko isuna aukera bat dela uste dut», esan zuen Dijsselbloemek, eta, segidan, galdera bat erantsi: «Zer egingo dute herrialdeek datozen urteetan arazo hau konpontzeko?».

Helburuen frontean ere jo eta ke ari da Luis de Guindos. Iaz bezala, Madrilek ez du beteko helburua aurten, eta bide orri berria adosten saiatzen ari da. 2016rako %4ko defizita nahi du (%3,7 da muga), eta 2017rako %2,5etik hurbil utziko lukeen «ahalegina» agindu du, murrizketen azeleragailuari topera eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.