Europako Batasunak ezarritako urrezko araua, defizit publikoa %3tik behera jaistekoa, 2016ra atzeratu du Madrilek, eta zor publikoa 2016an %99,8ra iritsiko dela iragarri du. Iaz autonomia erkidegoei %0,7ko defizit muga ezarri ostean, aurten arnasa gehiago emango diela berretsi du Montorok: %1,2ko muga izango dute erkidegoek. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 325 milio gehiago izango lituzke gastatzeko inbertsiotan, eta Nafarroako Gobernuak 90 milioi euro gehiago. Datorren urtean, ostera, %0,7ko defizit muga izango dute berriro erkidegoek, eta %0,2koa 2015ean.
Mariano Rajoyren helburua Espainiak 2013. urtea %6,3ko defizit mugarekin ixtea izango da. 2014an %5,5eko defizit muga lortzea du helburu, 2015ean %4,1 eta 2016an %2,7.
Ministro Kontseiluaren ostean, 22 puntuko erreforma programa aurkeztu du Madrilgo gobernuak. Rajoyk agerraldia egingo du "ahal bezain laster" Espainaiko Kongresuan erreforma programaren inguruko azalpenak emateko. Dena dela, Madrilek gaur aurkeztu eta onartutako erreformak Bruselaren oniritzia jaso behar du, eta Europako Batasunaren erabaki ofiziala ezagutzeko ekainera arte itxaron beharko da. Plana aurkeztearekin batera bidali du erreforma programa gobernuak Bruselara. Maiatzaren 29an Europako Batzordearen gomendioak jasoko dituzte estatu kideek, eta ekainaren 20an Ecofin Ekonomia eta Finantza Gaietarako Kontseiluak defizita orekatzeko muga berria eztabaidatu eta onartuko du —Europako Batzordearen aholkuetan oinarrituta—. Erabaki horren ostean, Europako Kontseiluarena izango da azken hitza. Oraingoz, beraz, ikusteko dago EBk onartzen ote duen erkidegoei %1,2ko defizit muga jartzea eta Espainiak aurten %6,3ko defizit helburua izatea.
2014a berreskurapenaren urtea izango dela baieztatu du Luis De Guindos Ekonomia ministroak, "Rajoyren politika ekonomikoen fruitia jasotzeko urtea". Aurten Espainiako BPGa %1,3 uzkurtuko dela azaldu du De Guindosek, baina datorren urtean %0,5 haziko dela iragarri du. Azpimarratu du, gainera, aurreikuspen horiek "oso kontserbadoreak eta neurritsuak" direla. 2014ko balizko berreskurapenari begira, ordainketa balantza ere positiboa izango dela eta inflazioak "oso apal" jarraituko duela nabarmendu du —%1ean aurten—, "familien mesederako". Ordainketa balantzaren superabita eta inlfazio baxua hazkundea datorren seinalde dira Ekonomia ministroaren ustez.
Gainera, 2013ko urteko txarrena pasa dela esan du De Guindosek. Hau da, aurtengo hiruhileko txarrena lehena izan dela —%0,5 uzkurtu da BPGa—, eta hiruhilekoz hiruhileko hobetzen joango dela.
Bestetik, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak adierazi du gobernuak ez dituela politika ekonomikoak aldatuko: "Iazko defizitaren murrizketari esker, gaur ez ditugu murrizketa handiagoak egin behar, eta ez ditugu zergak igo behar". BEZa eta errentaren gaineko zergak ez dituela igoko iragarri du, baina beste zerga batzuk moldatuko dituzte. Ingurumenari lotutako zerga batzuk gogortuko dituzte, eta zerga bereziak ezarriko dizkie bankuei gordailuen inguruko —gehienez 300 milioi euro lortu nahi dituzte zerga horren bidez—. 20.000 euro baino gehiago fakturatzen duten enpresentzat igo egingo dute sozietate zerga: kenkariak mugatuko dizkiete. Bestalde, Euskal Herrian eraginik ez duen zerga igoera bati eutsiko dio Madrilek: Espanian iaz egindako errentaren gaineko zergaren igoera, 2014ra artekoa zena, 2015era arte luzatu du.
Eskuduntzen alorrean, Montorok esan du Madrilek erkidegoekin dituen hitzarmenak negoziatu egingo dituztela. Eskumenen jabetzak argitzea, hitzarmenen diru kopuruak murriztea eta bikoizketak saihestea da helburua, Montororen arabera.
Desindexazio legea ere onartu du Ministro Kontseiluak. Hau da, aurrerantzean kontratu publikoen eguneraketa ez da KPIaren arabera egingo, Madrilek sortuko duen indize berri baten bidez baizik. Gobernuak ez du eman indize berri horren inguruko zehaztasun gehiago.
Espainiako Gobernuaren aurreikuspenak