Espainiak 100.000 milioi euroren bermeak eskaini dizkie bankuei
Espainiako Gobernuak 100.000 milioi euro jarri ditu bankuen eskura, bankuek jaulkitzen dituzten bonuak eta obligazioak bermatzeko. 2008an onartu zuten Espainiako bankuei bermeak eskaintzea. Estatuaren bermearekin, bankuentzat merkeago izan beharko luke finantza merkatuetan dirua lortu ahal izatea, dirua uzten dietenei kobratuko dutela ziurtatzen baitie. Bankuek berme horiek baliatu zituzten finantza krisia lehertu zenean, baina bermeak erabiltzeari utzi zioten, arrisku saria igo zenean oso garestia zelako bermeak eta Espainiaren arrisku saria ordaintzea. Bankuentzat merkeagoa zen dirua Europako Banku Zentralari eskatzea, bermeak ordaintzea baino. Orain, neurria berritu egin dute, Espainiako bankuek aurten 120.000 milioi euro baino gehiago bueltatu behar baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu