Ontziolen auzia

Espainiak 126 milioi euro itzuli behar direla esan dio EBri

Tapia sailburuak pozik hartu du albistea, nahiz eta Soria ministroak ez dion zehaztu kopurua Madrilgo bileran

xabier martin
2013ko irailaren 18a
21:19
Entzun

«Sektoreak eta inbertitzaileek konfiantza behar dute, atzean utzi gertatutakoa, eta sistema berriarekin lanean hasi». Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak gustura hartu du Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak  Madrilen esan diona. Espainiako Ogasunak igorri dio jadanik Europako Batasunari inbertitzaileek itzuli behar duten ontziolen diru laguntzen inguruko informazioa: 126 milioi euro. Alegia, Europak badaki dagoeneko zenbat diru itzuli behar den eta nork itzuli behar duen; hau da, zein salmenta operazioak dira tax lease laguntzen bidez egin zirenak 2007 eta 2011 artean.

Hala ere, xehetasunez aztertu beharko da operazio jakinek izan duten laguntza zehatza, 126 milioi euroko kopuru hori behin behinean kalkulatu baitu Espainiako Ogasunak. Ikusteko dago EBk ontzat ematen duen edo zuzenketa eta informazio zehatzagoa eskatzen duen. Edonola ere, ez da ezaguna 126 milioi horietatik zenbat diren Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolek egindako operazioei dagozkienak.

2.000 milioitik oso urrun

Tapia sailburuak esan duenez, Soria ministroak ez dio eman itzuli behar den diruaren eta operazio jakinen gaineko informaziorik. Hau da, auziak Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolek saldutako zenbat ontziren salmentei eragiten dien eta inbertitzaileek zenbat diru itzuli behar duten  ez du jakin Eusko Jaurlaritzak ministroaren ahotik, baina bai informazio hori guztia dagoeneko Europako erakundeetan dela. Hori bera nahi zuen hala Tapiak nola sektoreak Euskal Herrian. Eta orain, berriz, 126 milioiko kopurua ezagututa euren kalkuluak egiten hasteko aukera daukate.

Dena den, berriro batzartuko dira ministroa eta sailburua, «informazioa zabaltzeko». Jakina zen itzuli beharrekoa 2.000 milioi euro baino «askoz txikiagoa» izango zela. Hala aurreratu zuen Industria ministroak. Kopuru hori aipatu zuen, hedabideetan jira-biran ibili zelako. Esandakoa bete da, eta Espainiako Ogasunak kalkulatu duen kopurua oso urruti geratu da Europako Batzordeak laguntza itzuli behar direla ebatzi eta berehala aipatu ziren kopuruetatik.
Espainiako Gobernuari aste honetan amaitzen zitzaion itzuli beharreko diru laguntzen zenbatekoa Europari bidaltzeko epea. Isunaren mehatxua zeukan, hala egin ezean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.