Espainiak 2013an ere izoztu egingo ditu funtzionarioen soldatak

Iaz ez bezala, hurrengo urtean Gabonetako lansari gehigarria emango die langile publikoei

Erredakzioa
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak, hirugarren urtez jarraian, erabaki bera hartuko du: iaz eta aurten bezala, 2013an ere izoztu egingo ditu estatuko funtzionarioen soldatak. Hori bai, langile publiko horiek berreskuratu egingo dute iaz erretiratu zieten Gabonetako lansaria. Hala ere, gobernuak ez du zehaztu autonomia erkidegoetako funtzionarioei nola eragingo dieten neurri horiek.

Espainiako Gobernuak erakunde publikoen negoziazio mahaian jakinarazi dizkie sindikatuei hurrengo urtean hartu asmo dituen neurriak. Miguel Borra CSIF sindikatuko presidenteak azaldu du beste hainbat murrizketa ere egingo dituela gobernuak erakundeetan, soldata izozteaz gain. Esate baterako, gehienez, erretiratuen %10 ordezkatuko ditu hezkuntzan, osasun arloan eta iruzur fiskalaren aurka lan egiten duten postuetan. Iaz kopuru hori %10 zen;aurten, berriz, «gehienez» ordezkatuko ditu hamar erretiratzeetatik bat. Borrak adierazi du murrizketak amaitu behar direla, eta erakundeen benetako aldaketa bat egiten hasi behar dela.

Aurrekontua aurkeztuko dute

Mariano Raxoi buru duen gobernuak gaur aurkeztuko du 2013ko aurrekontuaren proiektua. Beste urte batez jarraian, murrizketak izango dira aurrekontu horren ezaugarri nagusia. Iaz 30.000 milioi euro ingururen murrizketak iragarri zituen, baina aurten 40.000 milioi euroraino igoko da kopuru hori. Zorraren interesak ordaintzera 38.000 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu hurrengo urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.