Arrantza

Espainiak antxoaren kanpaina zabaltzearen aurka dagoela berretsi du

Frantziako eta Espainiako gobernuetako Arrantza ministroak bilera egin dute.

2007ko uztailaren 12a
17:56
Entzun
Elena Espinosa Espainiako Gobernuaren Arrantza ministroak eta Michel Bernier Frantziakoak bilera egin zuten atzo gauean antxoaren kanpainaz, Madrilen, eta Espinosak kanpaina zabaltzearen aurka dagoela berretsi zion.

Arrantzaren Batzorde Zientifiko, Tekniko eta Ekonomikoak Kantauri itsasoan 2008an beste azterketa bat egin arte antxoaren arrantza debekatu egin du, eta Espinosa Espainiako ministroak irizpide horri jarraituko diola jakinarazi zion Frantziako bere kideari.

Datorren urteko antxoaren kanpainarekin zer egin erabakitzeko, Espainiaren eta Frantziaren arteko akordioaren zain dago Europako Batzordea. Ez da erraza izango adostasuna lortzea, Frantziako arrantzaleek eta bertako ministroek argi esan dutelako antxoa harrapatzeko debekua kentzea nahi dutela. Aldiz, Espainiako eta Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek oso bestela diote. Europako zientzialarien batzordean aurkeztutako txostenak espeziea "pixkanaka" berreskuratzen ari dela onartu arren, oraindik egoera ez dela ona eta antxoa harrapatzeko debekua luzatzea gomendatu berri du, eta haiek esandakoa betetzearen aldekoak dira Espainiako eta Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak.

Europako Batzordeak Frantziako Gobernuari esan dio aztertuko duela bere eskaera, baldin eta "txosten zientifiko berriak" aurkezten baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.