ekonomia

Espainiak BEZ arrunta %18tik %21era igoko du

Gobernuak BEZ igoera beherala ezarriko du. Raxoik beste neurri batzuk ere iragarri ditu: langabezia sarian erreformak izango dira, langile publikoek murrizketak jasango dituzte, zerga batzuk igo egingo dira... "Sakrifizioa ez da alferrikakoa izango”, esan du gobernuburuak.

2012ko uztailaren 11
13:37
Entzun

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du BEZ arrunta %18tik %21era igoko dutela, eta murriztua %8tik %10era. Exekutiboak BEZ igoera beherala ezarriko du, gainera. Europako Batasuneko azken goi bileren berri eman du Kongresuan, baina ez da hori gobernuak hartuko duen neurri bakarra.

Langabezia sarian ”erreformak” egingo ditu, ”langabeak lana bilatzera bultzatzeko”. Orain arte bezala, langabezia saria 24 hilabetekoa izango da gehienez, baina lehen sei hilabeteotan mantenduko dira sariak eta hortik aurrera base arautzailearen %60tik %50era txikituko dute. 

Langile publikoek ere jasango dituzte murrizketak: ordezkari sindikalen egunak mugatuko ditu gobernuak, gaixo baimenean daudenean dituzten baldintzak sektore pribatukoekin parekatuko dituzte, eta Eguberrietako aparteko saria kenduko diete administrazio zentraleko langileei —baita udaletako eta erkidegoetako goi karguei ere—.

Beste neurri batzuk: alkate eta zinegotzien soldatak biztanleriaren arabera finkatuko dituzte, enpresa publiko asko kenduko dituzte, 2013tik aurrera etxea erosten dutenek ez dute zerga kenkaririk jasoko —printzipioz, Nafarroako Gobernuak eta EAEko diputazioek ez dute zertan neurri hori indarrean jarri—, denden ordutegietan liberalizazioak egongo dira, enpresek langileko pagatzen dituzten gizarte kotizazioak puntu bat jaitsiko dira, tabakoaren gaineko zerga handitu egingo da, ”ingurumen zergak” izango dira, erregaia garestitu egingo dute...

Neurriak ”inoren gustukoak" ez diren arren, hartu beharrekoak direla adierazi du Raxoik, Espainiak merkatuen beharra duelakoan bere burua finantzatzeko. ”Espainiak konponbidea badu, sendotasun estrukturalak eta moralak dituelako. Sakrifizioa ez da alferrikakoa izango”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.