Espainiako Gobernuak gas naturalaren gainean bakarrik aplikatu nahi du 'zentimo berdea', ez erregaietan; berri agentziek jakinarazi dutenez. Erregaien sektoreak nahikoa ahalegin egin duela uste du Gobernuak.
Erregaien sektoreak zuzeneko zergetan eta zerga berezietan igoera nabarmenak jasan ditu azken urteotan. Gainera irailean aplikatuko den BEZ igoerak —%18tik %21era igoko da— sektorean negatiboki eragingo duela azaldu du Gobernuak. Petrolio konpainiek 2012ko uztailean zabaldutako datuen arabera, gasolina litroaren prezioaren %48,29 eta gasoleoaren prezioaren %42,69 zergekin lotuta dago.
Gas naturalaren sektorea ere atzeraldian dago eta zentimo berdearen eraginez kontsumitzaileen fakturak gora egingo du. Uztailean jada gas naturalaren prezioa %2,26 igo zen. Aurten izan duen hirugarren igoera da hori —%0,5 igo zen urtarrilean eta %5 apirilean—.
Zentimo berdearen bidez lortutakoa defizit elektrikoa estaltzeko erabili nahi du Espainiak. Izan ere, sektoreko enpresa handiak kexu dira aspalditik, argindarra sortzea Gobernuak ezartzen dien tarifa baino merkeagoa delako. Hots, kostuen azpitik ekoizten dutela. Urtez urte, handitzen ari da zulo hori eta gaur egun 24.000 milioi eurokoa dela diote.