Alarma egoerak eragindako arrazoiengatik ezingo da langilerik kaleratu Hego Euskal Herian. Hala erabaki du Espainiako Gobernuak, ostiral honetan eginiko Ministroen Kontseiluan.
Enpresek ezin izango dute argudiatu koronabirusaren krisiagatik arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edota ekoizpenekoak dituztela langile bat botatzeko. Ezingo dituzte arrazoi objektibo gisa aurkeztu arazo horiek; bai, ordea, aldi baterako erregulazioak egiteko —orain bezala—. Alarma egoeraren harira ezohiko neurriak jasotzen dituen errege dekretuan oinarritu da gobernua erabaki hori hartzeko.
«Ezin da kaleratzerik egon, [dekretu horretan] mekanismo zabala ezarri dugulako enpresek aldi baterako erregulazioei heldu ahal izateko», adierazi du Yolanda Diaz Lan ministroak.
Koronabirusa, hortaz, ezingo da arrazoi objektibo gisa erabili inor kaleratzeko. Enpresek, baina, dekretuan jasotzen ez diren beste arrazoi batzuk erabili ahalko dituzte. Diazek gogoratu duenez, epaile batek erabaki dezake gero erabaki hori bidezkoa, bidegabea ala baliorik gabea den.
Aldi baterakoak, luzatuak
Era berean, gobernuak agindu du osasun krisiak iraun bitartean indarrean mantentzeko aldi baterako kontratuak —prestakuntzakoak, errelebokoak eta bitartekoak, baren—. Denbora horretan kontratu horiek amaitzen badira, horien iraupena luzatu egingo da. «Hau parentesi bat da guztiontzat », azpimarratu du Diazek. Alegia, martxo amaieran amaitzen zutenei, kontratua luzatu egin beharko diete, gutxienez alarma egoera kendu arte.
Hortaz, Espainiako Gobernuaren asmoa da enpresek hartzen duten lan doikuntzarako neurri oro enplegua etetearen bidetik egitea, hau da, enplegua erregulatzeko dosierren bitartez.
Hego Euskal Herrian 10.000 lagunek baino gehiagok galduko dute lanpostua hil honetan; Lanbidek 9.000 zenbatu ditu jada Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Enplegurako agentzia publikoak, baina, ez du zehaztu horietatik zenbat izan diren kaleratzeak eta aldizkako edo behin-behineko kontratuen amaitzeak, eta horietatik zenbat egin diren alarma egoera indarrean sartu zenetik.
Halaber, eta atzoko datuen arabera, ia 110.000 langileri eragiten dieten aldi baterako erregulazioak aurkeztu dituzte Hego Euskal Herrian.
Enplegu erregulazioen kontrola
Diazek jakinarazi du gobernuak modua zehaztu duela enplegua erregulatzeko txostenen tramitazioa arintzeko eta langileek lehenbailehen kobratu ahal izateko dagokien langabezia saria. Horiek «oso azkar» onartuko dituztela ziurtatu du ministroak, martxoaren 10ean jaso ditzaten orain dagozkienak —hil bakoitzaren hamargarren egunean jasotzen dira sari horiek—. Gogoratu du, halaber, behar adina kotizatu ez dutenek ere hori jasotzeko eskubidea dutela.
Era berean, lan ikuskaritzak enplegu etenaldi guztiak ofizioz berrikusiko dituela ohartarazi du, eta nabarmendu iruzurra atzemanez gero enpresek diru guztia itzuli beharko dutela, langileen prestazioa barne. «Eredugarritasuna eskatzen diet enpresaburuei, eta lanpostuei eusteko».