«Subiranotasun ariketa» bat egiteko eskatu die LABek euskal erakundeei: sala dezatela Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua eta berma dezatela neurri horiek ez direla aplikatuko Euskal Herrian, «bestela are gehiago hondoratuko direlako ekonomia eta eredu soziala». Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak azaldu du aurrekontuak ostiralean aurkeztu arren osteguneko greba orokorrean herritarrek dagoeneko gaitzetsi egin zituztela.
Haren esanetan, kanpotik guztiz kontrolatutako herrialdea da Espainia. Aurrekontuak ere «finantza lobby-ari» begira eginda daudela esan du. «Gehiengo sozialari kalte eginda, elite ekonomiko bati mesede egitea dute helburu». Besteak beste, amnistia fiskala gaitzetsi du. «Neurri koldarra da. Barkamen horrek betikoei on egingo die: ordaintzen ez dutenei eta iruzur egiten dutenei. Iruzurra eta espekulazioa saritzen dira». Horretaz gain, azaldu du Hego Euskal Herrian etxea kendu dieten 8.000 familiei eta 206.000 langabeei ez zaiela inolako konponbiderik eskaini.
Aurrekontu proiektuaren eta lan erreformaren aurka LAB ekinaldi gehiago prestatzen ari dela adierazi du Etxaidek, «enpresetako mobilizazio eta konfrontazio gaitasuna handitzeko». Bihar emango du horien berri. Sindikatuak gezurtatu egin du Confebaskekin eta gainerako sindikatuekin elkarrizketa sozialerako mahaian bildu eta euskal hitzarmenak blindatzeaz negoziatzeko asmorik duela. «Confebaskek hitzarmenak blindatu nahi baditu, haien desegituraketako aktore nagusia izateari utzi behar dio».
Kalea eta politika, «urrun»
Enpresariekin akordioak lotzea zail ikusten du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ere. Lan erreformaren kasua aipatu du. «Patronala zoratzen dago erreformarekin. Ez dio uko egingo eman dioten ezeri, ez du ezertan amore emango, eskatzen duen guztia ematen diolako gobernuak». Muñozen hitzetan, mobilizatzea beste aukerarik ez dute langileek.
Osteguneko greba «sekulako arrakasta» izan zela dio. «Agerian geratu zen kalearen eta klase politikoaren artean dagoen aldentze erabat kezkagarria». Eskuin ekonomikoak agintzen duen guztia egiten dela salatu du. Era berean, ELAko idazkari nagusiaren iritziz, administrazioak «modu koordinatuan» ari dira politika «erabat zentzugabeak» martxan jartzen. «Ondorioak kontuan hartu gabe, atzeraldi, langabezia eta pobrezia handiagoa eragingo dute».
Politika horien bidez zerga bilketa asko murriztuko dela ohartarazi du. «Gobernuek jaitsiera hori erabiliko dute murrizketa berriak zuritzeko». Muñozen arabera, Greziaren bide berbera hartu dute, nahiz eta ez duten aitortu nahi. «Larrialdi sozialeko egoeran gaude, eta neurriak jendeari axola zaizkion noranzkoan hartzeko exijitu behar dugu».
UGTren iritziz, langileen eskubideei eutsi ahal izateko lan hitzarmenak desblokeatzeak du lehentasuna orain. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 126 hitzarmenetatik 103 epez pasatuta daudela dio. «ELAk blokeatu ditu ia hitzarmen guztiak, eta patronala horretaz baliatu da», adierazi du Damaso Casado idazkari nagusiak.
Espainiako aurrekontuak ez aplikatzeko eskatu die LABek euskal erakundeei
Etxaidek esan du ez dutela asmorik Confebaskekin bildu eta euskal hitzarmenak blindatzeaz hitz egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu