Justiziak euren alde egingo duela uste dute Espainiako banku nagusiek, baina ezin erabat lasai egon, ezin baztertu jokalekurik okerrenaren aukera. Batzuetan hori dakar epaileen mende egoteak, eta, azkenaldian, bankuak larrutik ari dira hori ikasten. Sosegu beterik ez dute egun hauetan, ez behintzat Auzitegi Goreneko hirugarren salako osoko bilkurak bere behin betiko erabakia hartu arte.
Goizeko hamarretan hasi dute bilera Goreneko epaileek, eta bilera luzea egin arren, ez dute erabakirik hartu ahal izan. Bihar goizean jarraituko dute. 31 epailek osatzen dute epaimahai hori berez, baina hiru falta direnez, 28 ari dira erabakitzen.
ZER ERABAKI BEHAR DU AUZITEGI GORENAK?
Hipoteken eskriturak egiteagatik ogasunari pagatu behar izaten zaion ekintza juridiko dokumentatuen zerga nork ordaindu behar duen erabaki behar du Gorenak behin betiko. Orain arte, bankuen eta kutxen bezeroek pagatzen zuten zerga hori, baina joan den urriaren 18an Goreneko hirugarren aretoak epai zehatz batean esan zuen ezetz, kasu horretan bankua dela bere garaian zerga ordaindu behar zuena, aurretik Gorenak emandako zenbait irizpideren kontrara.
Ebazpenak hautsak harrotu zituen berehala. Kontsumitzaileen eta hipotekadunen elkarteak berehala hasi ziren hipotekadunei itzuli beharreko kopuruez hitz egiten. Eta bankuek, berriz, auzitan jarri zuten epaiaren atzerako eragina, hots, Gorenaren irizpide aldaketak ea eraginik duen orain arteko hipoteketan.
Eta hurrengo egunean, ziurgabetasunak maila bat gehiago egin zuen gora. Luis Maria Diez-Picazo Goreneko administrazioarekiko auzien salako presidenteak ohar bat plazaratu zuen esateko epaiaren ondorioak etenda gelditzen zirela, haren «eragin ekonomikoengatik eta sozialengatik».
Inoiz ikusi gabekoa. Gorena Gorenaren epai bat eteten? Zergatik egin zuen hori Diez-Picazok? Nor da gorena Gorenean? Galdera horiek erantzun gabe geldituko dira oraingoz. Iskanbilari irtenbide bat bilatu nahian eta eztabaida epaileen jokaeratik atzera zergen ordainketara bideratuz, Goreneko presidente Carlos Lesmesek agindu zuen datorren azaroaren 5ean, astelehenarekin, hirugarren salako osoko bilkuran ezarriko dela ekintza juridiko dokumentatuen zergari buruzko behin betiko irizpidea. Batetik, hipoteka berrietan zerga hori nork ordainduko duen erabaki beharko dute. Eta, bestetik, aldaketak ba al duen atzerako eraginik; eta, hala bada, zenbat urte hartu behar diren aintzat.
ZENBAT DIRU LITZATEKE HIPOTEKADUNENTZAT?
Gorenak aldaketaren atzerako eragina aitortuz gero, kontsumitzaile elkarteen ustez, mailegu hartzaileentzat mila eta bi mila euro arteko itzulketa legoke jokoan, hipotekaren zenbatekoaren eta erkidegoko ogasunak ezarritako tasaren arabera. Hego Euskal Herrian, dena den, gauzak ez lirateke erabat horrela. Lau lurraldeetan, %0,5eko tasa du ekintza juridiko dokumentatuen zergak, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen etxebizitzak salbuetsita daude zergatik.
ETA BANKUENTZAT?
Bankuei dagokienez, Moody's agentziaren arabera, hiru jokaleku posible daude. Lehen aukera da Auzitegi Gorenak astelehenean erabakitzea baietz —edo asteartean, bilkura luzatzen bada—, alegia, bankuek ordaindu behar dutela zerga, baina soilik hemendik aurrera izenpetutako hipoteketan. Moody'sen kalkuluen arabera, horrek urtero 640 milioi euroko kostua eragingo lioke bankuen sektoreari. Baina entitateek beti dute aukera kostu horiek mailegu hartzaile berrien gain jartzeko hipoteken komisioen bidez. Zenbait bankuk iragarri dituzte komisio garestiagoak hipoteketan.
Bigarren jokalekuan, aurrekoari gehituko litzaioke Gorenak lau urteko atzerako eragina aitortzea —epe horretan iraungitzen dira ordaindu gabeko zergak Espainian—. Kasu horretan, ogasunek itzuliko liekete dirua mailegu hartzaileei, aldi berean, zerga entitateei ezarriz. 2.300 milioi euroko kopurua litzatekeela uste du Moody'sek —gehi urteroko 640 milioiak—. Gestha Espainiako ogasun teknikarien elkartearen arabera, 3.600 milioi euro lirateke.
Hirugarren jokaleku posiblea da bankuen amesgaiztorik handiena: atzerako eragina askoz ere luzeagoa izatea. Hor entitateek pagatu beharrekoa 16.000 milioi euro ere izan daiteke, Moody's agentziaren arabera; betiere, 2004. urteaz geroztik sinatutako hipotekak aintzat hartuz.
ZER ESPERO DUTE BANKUEK?
Hemendik aurrera eurek ordaindu behar izatea ekintza juridiko dokumentatuen zerga, baina Gorenak aldaketari atzerako eraginik ez aitortzea. Eta jarrera hori argi utzi nahi izan dute Espainiako banku handietako buruek, bakoitzak bere aldetik aste honetan euren azken emaitzak aurkezteko egindako ekitaldietan. Santanderreko kontseilari ordezkari Jose Antonio Alvarezen ustez, «ez dago arrazoirik» atzerako eraginik ezartzeko. «Guk legea bete dugu. Guk ez dugu zerga hori kobratu, eta ezin dugu itzuli kobratu ez dugun zerbait».
Bankiako buru Jose Ignacio Goirigolzarrik ez luke ulertuko Gorenaren erabakiak atzerako eraginik izatea. «Bankuek fede onez jokatu dute». Atzerako eragina, haren arabera, agintariek errepideetako gehieneko abiadura murriztu eta duela urte batzuk abiadura hori gainditzeagatik gidaria zigortzea bezala litzateke.
Carlos Torres Vila BBVAko kontseilari ordezkariak azpimarratu du hipoteken zergak eta hipoteken klausulak ez direla gauza bera. «Bankuek indarrean zegoen araudia ezarri dute, eta ez dute zertan zigorrik jaso».
HONEKIN BUKATUKO DIRA HIPOTEKEN AUZIAK?
Ez. Esaterako, hor daude zoru klausulen inguruko auzi guztiak. 178.800 kasu oraindik ebazteko, CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera.
Gero, Gorenak bere erabakia hartu arren, ez da baztertu behar eskrituren zergaren auzia Europan amaitzea. Batasuneko Justizia Auzitegian epaiaren zain dago, adibidez, Gorenak legezkotzat jotako IRPH hipoteka maileguen erreferentzia indizearen klausulen auzia. 2019 hasierarako espero da Espainiako bankuentzat 4.000 milioi euroko eragina izan dezakeen auziaren ikustaldia.