Espainiako ekonomia %0,1 hazi da lehen hiruhilekoan

Atzeralditik atera arren, zergak igotzeko eta gastua murrizteko eskatu dio Espainiako Bankuak Gobernuari

Erredakzioa
Donostia
2010eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Sei hiruhilekotan jarraian jaitsi ostean, Espainia atzeralditik atera da. Ozta-ozta, ordea. Aurreko hiruhilekoarekin konparatuta, %0,1 hazi da herrialdeko ekonomia. Alabaina, ez da gai izan iazko datuak hobetzeko. %1,3ko atzeraldia izan du 2009ko lehen hiruhilekoarekiko. Espainiako Bankuaren arabera, aurreikuspen baikorregiak ditu Gobernuak. Hala, zergak igotzeko eta gastua kontrolatzeko neurriak hartzeko eskatu dio.

Gobernuak gastua murrizteko iragarritako helburuak «handizaleak» direla azaldu du Espainiako Bankuak -2013rako defizit publikoa BPGaren %3ra murriztu nahi du; iaz BPGaren %11n zegoen-. Dena den, Gobernuak aurreikuspenak egoera makroekonomiko baikor batean egin dituela azaldu du. Beraz, posible dela aparteko neurri batzuk ere hartu behar izatea.

Kontsumoa apal

Hazkundea hiru arrazoi nagusik eragin dutela gaineratu du: munduko ekonomiaren hazkunde jarraituak, eskaerak suspertzeko hartutako neurriek eta konfiantza hazi izanak. Familien kontsumoak ere gora egin du lehen hiruhilekoan. Espainiako Bankuaren arabera, uztailean BEZa igoko denez, erosketak aurreratzea erabaki du jendeak, eta horrek eragin du igoera. Hala ere, «apala» da oraindik ere kontsumoa. Inbertsioak geldituta daudela gaineratu du, ekonomiaren hazkundeaz zalantzak daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.