Lehen aldiz 1993tik atzera egin du Espainiako ekonomiak. Hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %0,2 jaitsi da BPG, Espainiako Bankuak jakinarazi duenez. Urte arteko tasa %0,9 igo da; bigarren hiruhilekoan igo zenaren erdia baino ez.
Espainiako Bankuak emandako azalpenen arabera, finantza krisiaren eta eskaeraren jaitsieraren eraginez egin du atzera ekonomiak. Kontsumoa eta inbertsioa hiru hamarren baino ez dira igo hirugarren hiruhilekoan. Bestetik, finantza krisiaren ondorioz bankuek finantzatzeko zailtasunak jartzen dituzte, eta horrek «jarduera moteltzea» ekarri duela adierazi du.
Atzeraldi teknikoa
Etorkizuna ez dela hobea izango uste dute hainbat adituk, atzeraldi teknikoa izango duela iragarri baitute, hau da, bi hiruhilekotan jarraian BPG negatiboa izango duela. Eta datorren urtean hala segituko duela dioenik ere bada, %1 atzera egingo duela aurreikusi baitute.
Ekonomiaren atzeraldi hori ereislatu da langabezian. Atzo bertan Eurostatek jakinarazi zuenez, Espainian lau hamarren igo da irailean, eta %11,5ean dago. Datorren urtean, gainera, %15eraino igoko dela uste dute.
Autoen merkatuak ere behera egin du: irailean auto berrien erosketak %32 jaitsi dira, industria jarduera bezalaxe. Eta El Corte Ingles Espainiako saltoki handienetakoak ere lehen aldiz2007ko salmentetara iritsiko ez direla onartu du.
Espainiako ekonomiak atzera egin du hirugarren hiruhilekoan
BPG %0,2 jaitsi da, lehen aldiz 1993tik; batez ere finantza krisiaren eta eskaera jaistearen eraginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu