Pedro Sanchezen gobernuak trantsizio energetikorako legearen zirriborroko lerro nagusiak plazaratu ditu, eta helburu handinahi batzuk nabarmendu. Neurririk deigarrienetako bat errekuntza motordun automobilei ezarritako epe muga da. Legearen arabera, karbono dioxidoa zuzenean atmosferaratzen duten diesel, gasolina eta motor hibridoko automobil berrien matrikulazioa Espainian 2040. urtean amaituko litzateke. Europako beste hainbat herrialdek ere antzeko helburuak dituzte: Erresuma Batuak eta Frantziak epe bera daukate ezarrita ibilgailu horien matrikulazioentzat. Helburu hori lehenago lortu nahi dute —2035. urtean— Alemaniak, Danimarkak, Herbehereek eta Irlandak, eta are lehenago Norvegiak, 2025. urterako.
Garraioarenaz gain, argindarraren sorkuntzarena da trantsizio energetikorako gakoa den beste alor bat, eta horretan ere handinahi agertu da Espainiako Gobernua. Haren asmoa da 2030. urtean argindarraren %70 berriztagarrietatik etortzea da eta 2050. urterako argindar guztia izatea iturri horretakoa. Xede hori lortzeko 2020. urtetik 2030era bitartean urtero gutxienez berriztagarri bidezko 3.000 megawatteko potentziaren ezarpena bultzatzeko neurriak iragarri ditu. Deskarbonizaziorako, gainera, hidrokarburoen gaineko esplorazio eta ustiapen berririk ez baimentzea da Sanchezen gobernuaren asmoa, eta, horren barruan, eragotzi egingo lituzke haustura hidraulikoarekin zerikusia dute egitasmoak.
Teresa Riberaren Trantsizio Ekologikorako ministerioak aurkeztutako helburuok bat datoz, neurri handi batean, Europako Batasunak trantsizio energetikorako ezarritako xedeekin. Parisko Akordioa betetze aldera, Europako Batasunak 2050n urtean negutegi efektuko gasen isuria 1990. urtekoa baino %80 txikiagoa izatea nahi du. Espainiako Gobernuaren lege honek, berriz, murrizketa hori %90 izatea ezarriko luke helburu.