Espainiako Gobernuak ere arrantza debekatuko du Bizkaiko golkoan aste batzuez

Frantziako Gobernuak astelehenean jarriko du indarrean bere menpeko uretan arrantzatzeko debekua, izurdeen ernaltzea babesteko.

Ziburu-Donibane Lohizuneko portua
Ziburu-Donibane Lohizuneko portua. GUILLAUME FAUVEAU / MEDIABASK
asier gonzalez de san pedro
2024ko urtarrilaren 19a
17:00
Entzun

Espainiako Gobernuak ere arrantza debekatu nahi du Bizkaiko golkoko uretan, hainbat astez, izurdeak babeste aldera. Pasaiako kofradiako iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, bilera telematiko bat egin du Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak arrantzaleen ordezkariekin, eta hor eman die bere asmoen berri. Iturri horien arabera, ministerioak oraindik ez du data zehatzik eman, eta araua ez dago prest. Horretan zehaztu behar dute debekuak zein itsasontzi motari eragingo dion, eta noiz arte.

Espainiak erabakiarekin aurrera jarraituz gero, ezingo da Bizkaiko golko osoan arrantzarik egin. Izan ere, Frantziako Gobernuak astearen hasieran jakinarazi zuen bere uretan debekua ezarriko zuela datorren astelehenetik aurrera. Frantziaren neurriak Europako itsasontzi guztiei eragiten die; beraz, baita Lapurdikoei, Gipuzkoakoei eta Bizkaikoei ere. Debekuak urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra bitarte iraungo du. Lapurdiko arrantzaleek beren haserrea adierazi dute, eta kalte ordainak eskatu dituzte.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradien artean ezjakintasun handia dago, eta hurrengo astean zehaztapen gehiago izatea espero dute. Oraintxe bertan, bi lurralde horietako itsasontzi gehienak portuan daude, neguko geldialdian. Baxurako itsasontzien arrantzaldia martxoan hasten da, berdelarekin eta antxoarekin.

Espainiako Nekazairitza eta Arrantza Ministerioak BERRIAri jakinarazi dioenez, aldi baterako portuan gelditzen diren itsasontziei laguntza bat emateko lanean ari da. Frantziak egin bezala, arrantzara atera ez diren itsasontzien errentagarritasuna eutsi nahi du laguntza hori eskainiz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.