Aurrekontu politika

Espainiako Gobernuak gastu araua berrikusiko du

Administrazioen gastuaren hazkuntza mugatzeko araua "berrikusi eta haren kalkulua egokitzeko konpromisoa" azaldu du Maria Jesus Montero Ogasun ministroak.

Maria Jesus Montero gaur Diputatuen Kongresuan. EMILIO NARANJO / EFE
Irune Lasa.
2018ko ekainaren 20a
11:52
Entzun

Espainiako Gobernu berriak jarraitu egingo du aurrekontuen egonkortasunerako Europako Batasunetik agindutako arauak betetzen. Hori azaldu du gaur Maria Jesus Montero Ogasun ministroak Diputatuen Kongresuan egindako agerraldian. Hori bai, arau horietako bat behintzat, administrazioen gastuaren hazkundea mugatzen duen gastu araua, "berrikusi eta haren kalkulua egokitzeko konpromisoa" ere agertu du Monterok, "kalkulu hori gardenagoa izan dadin".

Berrikuste hori beti ere "testuinguru europarrean" egingo dela iragarri du Ogasun ministroak eta "neurri guztiak egonkortasunaren arauak errespetatuz" aztertuko direla, baina Monterok beharrezko ikusi du "kalkulu kolektiboago bat". Izan ere, gero eta gehiago dira euren altxortegietan superabitak izanda, diru hori krisi garaiko murrizketak arintzeko edo lan arruntak egiteko erabiltzea debekatuta duten tokiko eta erkidegoetako administrazioak. Gastu arauak jada baldintzatu egiten ditu hainbat euskal administrazioren aurrekontuak.

Zenbait produkturen balio erantsiaren zerga murrizteari buruz ere galdetu diote Ogasun ministro berriari. Ildo horretan, bere asmoa azterketa bat egitea da, zenbait BEZa jaitsi daitezkeen ikusteko. Kultur gaien eta emakumezkoen higiene pertsonaleko produktuen BEZa jaisteko aukerak aipatu ditu, zehazki, Monterok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.