Ekonomia

Espainiako Gobernuak krisiaren aurka hartutako neurriak ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzak

EAEko funtzionarioei ere soldata %5 murriztuko die. Patxi Lopez lehendakaria errenta altuena dutenei zergak igotzea aztertzeko prest agertu da, baina "aberastasun handien kapitalei presio" eginez gero "nahi duten tokira" joan daitezkeela uste du.

2010eko maiatzaren 21a
16:00
Entzun
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du Espainiako Gobernuak krisiaren aurka hartutako neurriak ezarriko dituztela. Horren berri eman du gaur Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioen soldata ere %5ean murriztuko dute, Espainiako Gobernuak onartu bezala -Nafarroako Gobernuak hasieratik bat egin zuen neurri horrekin-. Horretaz gain, errenta altuena dutenei zergak igotzea aztertzeko prest agertu da Lopez, baina "aberastasun handien kapitalei presio" eginez gero "nahi duten tokira" joan daitezkeela ohartarazi du.

"Euskadi ez da irla bat", erran du Lopezek. Horregatik, Espainiako Gobernuaren neurriak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat ere baliagarritzat jo ditu. Funtzionarioen soldata gutxitzeaz gain, adierazi du "farmazia gastuak murrizteko plana eta udal eta erkidegoen aurrezpen plan orokorra Euskadirentzat baliagarriak" direla. Gainera, soldaten eta pentsioen murrizketak "ahulenen kontra jotzea" dela ukatu du.

Errenta altuena dutenei zergak igotzeko beharrak eztabaida sortu du azkenaldian. Jaurlaritzako lehendakaria gaia aztertzeko prest azaldu da, baina ez du deus zehaztu. "Prest nago ikusteko ea zer egin dezakegun gehien duten horiek ukituz". Neurri horiek "zuhurtasunez eta ondorio guztiak kontuan izanda" hartu behar direla erran du, kapital horien ihesak "zeharo okertuko" lukeelako EAEko ekonomia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.