Hipoteken zerga

Espainiako Gobernuak legea aldatuko du, bankuek ordain dezaten hipoteken zerga

“Guk nahi duguna da bankak ordaintzea zerga hau, ez herritarrek", adierazi du Pedro Sanchezek

Pedro Sanchez Espainiako presidentearen agerraldia, gaur eguerdian, Moncloa. BALLESTEROS / EFE
Jon Fernandez.
2018ko azaroaren 7a
19:21
Entzun

Ziaboga ziabogaren ostean. Pedro Sanchezek agerraldi publikoa egin berri du eguerdian, adierazteko Espainiako Gobernuak aldatu egingo duela hipoteken inskripzioaren zerga, aurrerantzean bankuek ordain dezaten. Erabaki bihar hartuko du Ministroen Kontseiluan.

Urriaren 18an Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen aurrerantzean bankuek pagatu beharko dutela hipoteken zerga, azken hogei urteetan gertatutakoaren kontra —bezeroak ordaindu izan du zerga hori—. Biharmunean, ezohiko neurria hartu zuen Goreneko administrazioarekiko auzien salako presidenteak, Luis Maria Diez Picazok: bertan behera utzi zuen hipoteken zergari buruzko epai irmoa, eta azken erabakia Goreneko osoko bilkuraren esku utzi zuen. Bilera hori herenegun egin zuten, azaroaren 5ean, baina zortzi orduko eztabaida ez zen nahikoa izan, eta atzo berriro egin zuten bilera, iluntzera arte. Azkenean, bankaren aldeko erabakia hartu zuten epaileek (hamabost epaile alde; hamahiru kontra), urriaren 18ra arteko doktrinari eutsi eta kontsumitzaileen bizkar utziz zergaren zama.

Ziaboga judizialari, exekutiboaren ziaboga batu zaio gaur: Espainiako Gobernuak legea aldatuko du, aurrerantzean bankuek ordaindu dezaten hipotekaren inskripzioaren zerga.

Gobernuaren mugimenduak badu faktore bat garrantzitsua dena. Zergaren gaineko legea aldatzeak esan nahi du aurrerantzean bankuek ordainduko dutela zerga, baina finantza erakundeek ez dute bueltatu behar izango orain arte bezeroek zerga hori ordaintzeko jarri duten dirua. Atzo bertan, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak azaldu zuen 5.000 milioi euro eskatu ahal izango luketela bezeroek, bankuek lau urteko atzerako eraginez ordaindu behar izango balute zerga. Sanchezen gobernuaren lege aldaketarekin, beraz, faktura hori ez lukete ordainduko ez bankuek ez ogasunak.

“Guk nahi duguna da bankak ordaintzea zerga hau, ez herritarrekHipoteken zerga ezabatzeko aukeraz galdetuta, Sanchezek esan du ez dutela aukera hori aintzat hartu, diru sarrera galera lekarkeelako administratzioarentzat. “Guk nahi duguna da bankak ordaintzea zerga hau, ez herritarrek. Guk uste dugu ona dela autonomia erkidegoak diru sarrera hori izatea, baina bankak ordaintzea nahi dugu”. Diru sarrera hori ezabatzeak ongizate estatua txikitzea lekarkeela azpimarratu du.

Era berean, Nafarroako Gobernuak ere gaur azaldu du berrikusi egin nahi duela bankuek zergea ordaintzeko aukera. Nafarroan ez bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da zerga hori ordaintzen, baldin eta erositako etxea bizitoki nagusia bada. Nafarroako Ogasunak, berriz, ardura hipotekarioaren %0,5 kobratzen du, eta bezeroek ordaintzen dute, ez bankuek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.