Esne sektorea

Espainiako Gobernuak prozesu osoko prezioak argitaratzera behartuko du esnearen sektorea

Nekazaritza Ministerioa dekretu bat prestatzen ari da abeltzainekin, industriarekin eta banatzaileekin. Ez du gutxieneko preziorik jarriko.

Abeltzainen protesta bat lehengo astean Zamoran (Espainia). MARIAM A. MONTESINOS / EFE
Arnaitz Lasarte.
2015eko abuztuaren 31
12:21
Entzun

Esnearen sektorearen krisiari aurre egiteko, Espaniako Gobernuko Nekazaritza Ministerioa dekretu bat ari da prestatzen. El País egunkariak jakinarazi duenez, Madrilen asmoa da abeltzainen, industriaren eta banatzaileen arteko akordio bat lortzea, eta akordio hori dekretu batean jasotzea. Besteak beste, litekeena da prozesu osoko prezioak argitaratzera behartzea; baserrietatik hasi, eta saltokietarako bidean izandako prezioak "gardentasunez" jakiteko.

Lehendik zaila zen abeltzainen egoera, eta are gehiago zaildu da Europako Batasunak apirilean ekoizpenerako kuotak bertan behera utzi ondoren. Izan ere, baserritar asko ekoizpen kostuaren azpitik ari dira esnea saltzen. EHNE sindikatuak, adibidez, duela bi aste salatu zuen "ohikoa" bihurtu dela litro bakoitzeko 0,24 eta 0,28 euro ordaintzea. Ekoizpen kostearen azpitik daude prezio horiek —0,35 euro pasatxokoa zen uztailean—. Hori dela eta, baserritarren eskaera nagusienetakoa da gutxieneko prezio bat arautzea. Espainiako Gobernuak, ordea, ez du neurri hori hartuko, Europako legediaren aurka dagoela argudiatuta.

Hain justu, datorren astelehenean esnearen sektorearen krisiaz goi bilera bat egingo dute Europako Batasuneko herrialdeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.