Joan den astean Kongresuan ezezkoa jaso ostean, Espainiako Gobernuak prest du beste dekretu bat udalen superabitak maileguan hartu eta bere burua finantzatu ahal izateko. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak gaur egindako adierazpen batzuen arabera, udalen kontrako jarrera aldarazteko, kontzesioak egin ditu: Espainiako Gobernuak eten egingo du udalen gastua mugatzen duen araua, behin-behinekoz 2020. urterako.
Horren bidez, tokiko erakundeek aukera izango dute urteko gastua handitzeko. Baimena izango dute baita, baldintza batzuen arabera, gastu horretarako 2018ko eta 2019ko superabitak erabiltzeko ere. Horren bidez, udalek posible izango dute ere aldi berean defizit helburua betetzea.
Monteroren arabera, 2021. urterako ere gastu arauan etenaldia egitea aztertzen ari da Espainiako Gobernua, baina 2020rako erabakia hartu behar izan aurretik «egoeraren larritasunarengatik».
Sanchezen gobernuaren arabera, neurri horrekin tokiko erakundeek 3.000 milioi euro izango dituzte pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko. Hori bai, Espainian tokiko erakundeek pilatuta duten superabita 15.000 milioi euro ingurukoa da. Eta tokiko erakundeak ez dira behartuta egongo pilatutako beste diru horiek Espainiako Gobernuari maileguan ematera.
Espainiako Gobernuak nahi zuen pilatutako superabit horiek, geldikin horiek, maileguan hartzea bere burua finantzatzeko. Gastu araua etetearen truke, baldintza hori jarri zien udalei bere aurreko dekretuan. Eta asmoa zen dirua hamabost urteko epean itzultzea, interesekin. Baina proposamenak ezezko biribila jaso zuen Kongresuan.
Edonola ere, azken urteetako beste geldikin horiek erabili ezinik jarraituko dute tokiko erakundeek, Egonkortasun Legeak hala agintzen duelako. Lege horren ondorioz, tokiko erakundeek —udalek, kontzejuek eta diputazioek— debekatua dute defizita izatea, eta, superabita izatekotan, soilik zorra txikitzeko erabil dezakete.