Krisia

Espainiako Gobernuaren diru laguntzen %6 jasoko dute euskal enpresek

Gutxienez diru sarreren %30 galdu dituzten enpresa txikiek eta autonomoek eskatu ahal izango dituzte.

Donostiako ostalari bat, terraza prestatzen. ANDONI CANELLADA (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 26a
12:01
Entzun

Hego Euskal Herriko enpresa txiki eta autonomoek 300,1 milioi euro jasoko dituzte Espainiako Gobernuaren zuzeneko diru laguntzen planetik. Arabakoek, Bizkaikoek eta Gipuzkoakoek 232,5 milioi jasoko dituzte, eta Nafarroakoek, 67,6 milioi. Espainiako Aldizkari Ofizialak (BOE) ostiral honetan argitaratu du Ogasun Ministerioaren agindua. Madrilek guztira 7.000 milioi emango ditu zuzeneko laguntzetan, eta beste 3.000 milioi ICOren bermeak dituzten maileguetan, eta mila milioi, berriz, enpresa ertainak kapitalizatzeko.

Zuzeneko laguntzen funtsa bi zatitan banatu du Madrilek. Batetik, 2.000 milioi euro emango dizkie Balear uharteei eta Kanaria uharteei, turismoaren sektorean izan duten beherakada handia estaltzeko. Beste 5.000 milioi euroak gainontzeko erkidegoek jasoko dituzte. Horietatik %6 eskuratu dituzte Hego Euskal Herriko lau lurraldeek.

Funtsean, Ekonomia Ministerioak React EU Europako Batasunaren programako dirua banatzeko irizpide bera erabili du: hau da, kontuan hartu ditu autonomia erkidego bakoitzaren biztanleria eta errenta; langabezia orokorra eta, bereziki, gazteena; aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileen kopurua; eta BPGaren jaitsiera.

Emaitza, beraz, oso antzekoa da. EBren suspertze funtsen lehen programarekin 10.000 milioi banatu zituen Madrilek, eta horietatik 574 milioi iritsi ziren Hegoaldera, hau da, %5,8. Udan eta udazkenean, berriz, bere poltsikotik 16.000 milioi euro banatu zituen, eta horietatik 743 milioi heldu ziren, %4,6. Kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa funts horren parte batetik kanpo geratu ziren, ogasun propioak baitituzte.

Bete beharrekoak

Funts berriko diru laguntzak gutxienez diru sarreren %30 galdu dituzten enpresa txikiek eta autonomoek eskatu ahal izango dituzte, eta, asko jota, galdutakoaren %40 estali ahal izango dute hamar langiletik beherakoek, eta %20 estali ahalko dute hortik gorakoek. Gutxienez 3.000 euro izango dira autonomoentzat, eta 200.000 euro gehienez.

Laguntza jasotzen dutenek jarduera ekonomikoari eutsi beharko diote, gutxienez 2022ko ekainera arte. Eta helburu jakin batzuekin erabili beharko dute dirua: atzeratutako soldatak, alokairuak eta materiala ordaintzeko, eta finantza erakundeekin eta hornitzaileekin dituzten zorrak kitatzeko.p>

Laguntzak ostalaritzarekin eta turismoarekin lotutako enpresentzat izango dira bereziki, baina baita haiek hornitzen dituen industriarentzat, garraio enpresentzat, kultur eta kirol arlokoentzat eta aeronautikarentzat ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.